Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaitegiaren saturazioaz ohartarazi dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko irailaren 19a

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren auziak berandu abiatzen dira. WIKIPEDIA

Fiskaltzaren 2025eko Memoriaren datuen arabera, indarkeria matxistarekin lotutako delituek gora egin dute nabarmen Araban. Memoriak epaitegien saturazioa kritikatzen du, "biktimak babesteko funtsezko eginbideen praktika atzeratzen baitu".

Genero indarkeriaren eremuan, %6,8ko igoera eman da hasitako aurretiazko eginbideetan. Iaz 480 epai eman ziren genero indarkeriagatik, eta horietatik 332 kasutan akusatuak delitua onartu zuen eta zigorra jaso zuen, beste 72 kasutan zigorra eman zuen epaileak, eta 26 kasutan ustezko erasotzailea absolbitu zuen.

Sexu indarkeriarekin lotutako delituak, berriz, %58,25 igo dira. Izan ere, herrialdeko estatistikan, 2024an egindako 24 sexu eraso jasotzen dira; iaz, berriz, 14 izan ziren.

Espediente konplexuak

Indarkeria matxistarekin lotutako auzi judizialen hazkundea ez da bakarrik zenbakietan hautematen: espedienteak konplexuagoak dira, eta gero eta babes neurri gehiago eskatzen dituzte. Arabako Fiskaltzan berretsi dutenez oso zaila da, adibidez, teknologia berrien bidez emakumeen aurka egindako indarkeria delituak zigortzea, denbora asko behar baita sare horiek erabiltzeari buruzko informazio guztia lortzeko eta ikertzeko.

Indarkeria matxistaren biktimek eskatzen dituzten babes aginduak ez dira erraz ematen.

"Arazorik handiena da ikerketak beranduegi erabakitzen direla, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko 1 zenbakiko Epaitegiaren saturazioa dela eta. Ministerio Fiskalak txostena egin ondoren, eta, beraz, askotan ezinezkoa dela ikerketarako behar diren datuak eskuratzea".

Era berean, teknologia berrien bidezko jazarpen delituek eta besteen sekretuak ezagutarazteko delituek zailtasun bereziak eragiten dituzte, erasotzaileak segimendua eta kontrola egiteko erabiltzen dituen aplikazio horiek ezabatzeko duen erraztasunagatik. Horrenbestez, delitua egin dela egiaztatzeko beste frogabide batzuk aurkeztu behar dira.

Indarkeria matxistaren biktimak babesteko jarraibiderik aplikatuenetako bat genero indarkeriaren kasuetan seme-alabentzako bisita erregimena etetea da, haurrak berriro biktimizatzea saihesteko.

Oso zaila da teknologia berrien bidez emakumeen aurka egindako indarkeria delituak zigortzea

Alta, indarkeria matxistaren biktimek eskatzen dituzten babes aginduak ez dira erraz ematen. Izan ere, genero indarkeriarekin lotutako kasuetan, 88 babes agindu eskatu ziren Araban iaz; horietatik 43 eman ziren eta 39 ukatu. Zortzi kasutan erasotzaileen kontrolerako gailu elektronikoak erabiltzea erabaki zen, Ministerio Fiskalak eskatu ondoren; eta bederatzi kasutan, eskumuturrekoa jartzeko Ministerio Fiskalak egindako eskaera ukatu zuen epaileak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago