Indarkeria gora gazteen artean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko irailaren 19a

Eskola jazarpenarekin lotutako 25 kasu ikertu dituzte epaitegiek. FABRICIO SEVERO/UNSPLASH

Genero indarkeriaren eta adingabeen sexu askatasunaren kontrako delituen kasuek gora egin dute Araban, erkidegoko fiskaltzaren 2025eko Memoriaren arabera. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Fiskaltzak 2025eko memoria argitaratu du, 2024ko ekitaldiari dagokiona. Bertan, gazte adingabeen artean sexu askatasunaren eta genero indarkeriaren aurkako delituen "gorakada kezkagarria" azpimarratu du. Bestalde, adin txikikoen delituak ikertzeko orduan Ertzaintzaren aldetik"zorroztasun handiagoa" faltan botatzen dute hiru herrialdeetako fiskalek.

Adin txikikoei egindako bortxaketa eta sexu erasoen kopurua "izugarria" da

Aipatu memoria horretan Arabako Fiskaltzaren Adingabeen Atalak ohartarazi du sexu askatasunaren kontrako delituen salaketak nabarmen igo direla herrialdean: 2023an 30 salaketa jarri ziren, eta 2024an, berriz, 53. Gainera,  hamasei urtetik beherakoei egindako bortxaketen eta sexu erasoen kopurua "izugarria" dela azpimarratu du.

Sexu erasoen kasuan, 2023an zazpi salaketa izatetik 2024an hamasei izatera igaro da, hau da, %128,57 igo da; eta 16 urtetik beherakoen bortxaketak 2023an lau izatetik 2024an hamar izatera igaro da, hau da, %150eko igoera.

Kasu larriak

Gazteen artean genero indarkeriak ere gora egin du: 2023an 11 salaketa jaso ziren, eta 2024an, berriz, 27, %50etik gorako igoera. Genero indarkeriarekin lotutako espediente gehienetan bikote harremanak agertzen dira; gizonak fisikoki erasotzen dio emakumeari (bultzadak emanez edo lepotik helduta), harremana berrartzeko hertsatzen du, edo Instagrametik mehatxu egiten dio harremana hautsi ondoren (hainbat espedientetan errepikatzen da hori).

Gainera, "oso larriak" diren bi kasu aipatzen ditu Arabako Fiskaltzak, eta horietan, ohiko genero indarkeriarekin batera (emaztegaiak janzten duen arropa kontrolatzea, lagunak kontrolatzea, emakumea isolatzea, telefonoaren edukia eta kokapena kontrolatzea elkarrekin ez daudenean, fisikoari, sexuari edo janzkerari buruzko irainak egitea, heriotza mehatxuak egitea), sexu erasoak izan ziren behin eta berriz. Bi prozedura horiek izapidetzen ari dira oraindik.

Ertzaintzaren hutsuneak

Fiskaltzak ohartarazi du gazteen arteko harremanetan indarkeria normalizatu dela, eta delitu konplexuak ikertzeko baliabiderik ez dagoela, hala nola foru aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeen sexu esplotazioa. Hain zuzen, delitu horien aurrean Ertzaintzak egindako ikerketetan "zorroztasun gehiago" faltan bota du Arabako Fiskaltzak, eta erkidegoko hiru fiskalak bat datoz Ertzaintzan adingabekoen talderik ez egotea defizit handia dela.

Ertzaintzak adingabekoen talderik ez izatea defizit handia dela uste du fiskaltzak

Memorian jasotzen da, esate baterako, Arabako gizarte foru aldundiaren tutoretzapean zegoen gazte baten inguruan Arabako Fiskaltzak 2024an salatutako kasuetako bat artxibatu egin zela ikerketan izandako akatsengatik. Garai horretan, gainera, foru aldundiaren gizarte zerbitzuek fiskaltzarekin izandako bilera batean deitoratu zuten Poliziak ez zituela ikertzen prostituitzen ziren eta droga trafikorako ere erabiltzen zituzten adingabeei buruzko kasuak, nahiz eta jakinarazi. Kexa horrekin bat egiten zuten zerbitzua osatzen zuten fiskal guztiek.

Epaitegietako talde psikosozialen "moteltasunaz" ere ohartarazi dute memorian. "Talde horien txostenak ezinbestekoak dira erabakiak hartzeko, baina hiru hilabete arteko atzerapenak izaten dituzte".

Eskola jazarpena

Adin txikikoak biktima diren delituen artean, fiskaltzak eskola jazarpenaren inguruan lanketa berezia hasi zuen iragan urtean, eta aurten sakondu du. Araban 2024an hasitako 25 eskola jazarpen kasuei dagokienez, horietako hamar artxibatu egin ziren, egileak 14 urtetik beherakoak zirelako. Epaiketa bi aldiz egin zuten, eta horietako batean absoluzioa eman zen, eta beste kasu batean erasotzailea zigortu zuten. Kasu horietan eskatzen diren neurri gehienak zaintzapeko askatasunekoak dira, "enpatia eta gatazken konponbide baketsua lantzeko".

Oraindik ere neskak dira delitu mota horien biktima nagusiak, 12 eta 15 urte bitartekoak. Irainak, mehatxuak, hertsapenak eta isolatzea dira jasaten dituzten eraso nagusiak, eta ikasgelan zein sare sozialen bidez jazarri egiten dituzte, batez ere Instagram bidez. Jazarritako mutilek sexu orientazioarekin eta itxura fisikoarekin lotutako irainak salatzen dituzte, eta neskek berriz jotzeko edo bortxatzeko mehatxuak, eta sexuarekin lotutako irainak.

Fiskaltzaren memoriaren arabera, eskola jazarpena ematen da berdin ikastetxe publikoetan edo pribatuetan, eta hiriburuan nahiz herrietan, eta sarritan zaurgarrienen kontra.

Indarkeria egoera horien aurrean eskola jazarpeneko protokoloak arazoa ez direla konpontzen ari ohartarazi dute fiskalek, eta berdintasunezko bizikidetza lortzeko kanpainak ez direla nahikoa. Azkenean, kasu gehienetan biktima da ikastetxez aldatzen dena. "Biktimek denbora behar izaten dute gertatzen ari zaiena gurasoei azaltzeko. Gurasoak eskolara joaten direnean bullyingaren protokoloak aktiba daitezen, abusu egoerak, kasu batzuetan, denbora darama gertatzen, modu ikusezinean baina etengabe".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago