Esther Ferrer eta Gema Intxaustiren artxiboak gehitu ditu Artiumen funts dokumentalak

Erredakzioa 2025eko irailaren 17a

Artisten ibilbidea dokumentatzen duten materiala jasotzen dute. Argazkia. ARTIUM

Ferrer artistaren 6.000 dokumentu digital baino gehiagoko artxiboa katalogatzen ari dira, azkeneko funtsen artean.

Artium museoa, bere dokumentazio zentroaren bidez, bildumarekin eta erakusketa programarekin lotura duten artisten artxiboak eta funts dokumentalak berreskuratzen, katalogatzen eta zabaltzen ari da. Helburu nagusia artisten ibilbideak dokumentatzen dituzten materialak kontserbatzea da (gutunak, zirriborroak, proiektuak, argazkiak…), arte garaikidearen memoria historikoa babesteko eta ezagutza sortzeko.

Azken funts garrantzitsuenen artean, Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistaren 6.000 dokumentu digital baino gehiagoko artxiboa dago, gaur egun katalogatzen ari direna. Horrekin batera, Gema Intxaustiren (Gernika, 1966) funtsa katalogatu dute, 80ko hamarkadako praktika feministak dokumentatzen dituena, eta baita Jose Felix Gonzalez Placeren (Gasteiz, 1951–1991) materiala ere, Euskadiko animazio esperimentala ulertzeko ezinbestekoa dena.

Artiumek aurretik beste artista batzuen ondarearekin egindako lana ere nabarmendu behar da. 2021ean Junca Ballestinen (Gasteiz, 1953-2015) artxiboa eskuratu zen. 2023an, berriz, Rafael Lafuenteren (Gasteiz, 1936-2005) eta Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) funtsak jaso zituen, azken hau bere jaiotzaren mendeurrenean antolatutako erakusketaren oinarria izanik. Gainera, 2022an Juana Cimak (Caibarien, Kuba, 1951) bere ibilbidea dokumentatzen duten material ugari eman zizkion. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago