2016-2017 aldian egon zen Osakidetzarako EPEaren kasuan ustezko iruzurragatik irekitako epaiketa prozesuan 17 medikuren kontrako kausa artxibatu du Arabako Probintzia Auzitegiak, baina prozesu horretan bi medikuren aurkako inputazioak zabalik mantendu ditu, gaur Osasun Sailak ezagutzera eman duenez. Azterketa baten erdia idatzi zuen zirujau bat eta azterketara aurkeztu eta puntuazio onena lortu zuen senide bat dira horiek. EPE horretan izandako ustezko irregulartasunengatik Jon Darpon orduko Osasun kontseilariak eta beste zenbait goi kargudunek dimisioa eman zuten 2019an.
Jaurlaritzaren arabera, erabakiak aukera ematen du "urtetan judizializatuta egon den gai bat ia itxita uzteko", eta epaileen erabakia osasun publikoaren "helburu estrategikoetan aurrera" egiteko. Lakuak dio uneotan "profesionalen plantilla indartzeko eta egonkortzeko" prozesuan "ahalegin guztiak" zentratzeko.
Zehaztu dutenez, 2024. urtearen amaieratik 11.000 profesionalek baino gehiagok finkatu dute beren plaza, eta "agertoki judizial berriak" ateak ireki dizkio 2023, 2024 eta 2025eko Lan Eskaintza Publikoen "tramitazioa azkartzeari". Horietan guztietan 4.000 plaza baino gehiago daude. Bide beretik, "laster" 221 plaza gehiago esleitu ahalko dituzte. Diotenez, behin-behinekotasuna egungo %37tik %11ra jaitsi nahi dute.