Alias Robotics Las Vegasko CESen egongo da

Juanma Gallego 2025eko irailaren 17a

Datorren urteko urtarrilean joango dira Las Vegasera, produktua aurkeztera. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Robotikatik harago, zibersegurtasunaren gaineko lana indartzeko lan egitura aurkeztuko du enpresak.

Las Vegasen (AEB) egiten den CES —Consumer Electronics Show– ekitaldiaren 2026ko edizioan parte hartzeko aukeratu du Alias Robotics enpresaren proposamen bat EIC Berrikuntzarako Europako Kontseiluak. Zehazki, munduan egiten den kontsumo elektronikoaren azokarik handienean, arabar enpresak CAI Cybersecurity AI izeneko framework irekia aurkeztuko du. Horren bitartez, enpresak ezagutzera eman duenez, "robotikatik harago zibersegurtasunean egiten den lana azkartu eta indartu" nahi du.

Datorren urteko urtarrilaren 6tik 9ra egingo den azokan aurkeztuko duten eredu horrek robotak babesteko metatu duten eskarmentua zibersegurtasun globalera eraman nahi dute. Konpainiaren arabera, CAI ereduak "langileen lana azkartzeko zibersegurtasun agenteak sortzea ahalbidetzen du, langileak ordezkatu gabe, eraginkortasuna, mailakatzea eta subiranotasun teknologikoa" emanez.

"Robotak babestea izan zen gure abiapuntua, eta automatizazio globala babestea da gure etorkizuna", adierazi du Alias Roboticsen zuzendari nagusi Endika Gil Uriartek. "CAIren bidez, subiranotasun digitala eta pribatutasuna oinarri hartuta, Europak zibersegurtasuna gidatzen du".

Horrez gain, enpresak alias0 adimen artifizialeko eredua aurkeztuko du ere. Horrek datu sentikorrak anonimizatzen ditu, hirugarren agenteen aurrean horiek babestuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago