06:40ean Burgostik Madrilera doan Abiadura Handiko Trenaren lehen zerbitzura garraio publiko bidez joan ahal izateko aukera ziurtatzea eskatu dio aldundiari Ezker Anitza-IUk.
Alderdiak gaur ezagutzera eman duenez, Elkarrekin taldeko batzarkide eta Ezker Anitza-IUko bozeramaile Jose Damian Garcia-Morenok mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, diputazioak lanagatik edo arrazoi pertsonalengatik Madrilera lehen orduan joan behar duten arabarrentzako garraio publikoa jar dezala eskatuz.
Garcia-Morenok adierazi du orain dauden garraio aukerak "ez direla nahikoak" goizeko lehen orduetan Madrilera iristeko edo tren horrekiko lotura duten beste helmugekin lotzeko. Horren ondorioz, garraio pribatuaz baliatu behar dira ezinbestean.
Aurkeztutako mozioak hiru alternatiba planteatzen ditu: zabalera aldakorreko trenak erabiltzea Gasteiztik, 05:00etan eskualdeko trenaren zerbitzu bat abiatzea, aldirietako zerbitzurako ere erabiliz, edota ordu berean aterako litzatekeen bus bat jartzea. Mozioan, alderdiak eskatu dio aldundiari aukera horietako bat martxan jartzeko beharrezko kudeaketak has ditzala Mugikortasun ministerioarekin.