Euskara eta ogia

Larraitz Fagundez 2025eko irailaren 15a

Pako Eizagirre, Xeberri eta Juanjo Uranga, Aretxabaletan. Argazkia: P. EIZAGIRRE

1967an hogeita hamar bat gazte etorri ziren Oñatiko agustindarren apaiztegitik Gasteizera ikasketak egitera eta borborka ari zen hiri bat topatu zuten. Horietako bat izan zen Pako Eizagirre aizarnarra.

Desarrollismoaren eta gizarte mugimenduen berpizte garaia zen. Ikasketak egitera etorritako apaizgaiak pare bat hilabeteren bururako "saltsaren batean" zeuden denak sartuta. Besteak beste, kideekin batera, gau eskoletarako liburuxka bat egin zuen Pako Eizagirrek, garaiko gai soziopolitikoak islatzen zituena, eta baita Zu, euskaldun berria abestia ere.

Diktadura frankistapean, Oñatiko apaiztegian sektore aurrerakoi indartsua zegoen, hirurogeiko hamarkadako mundu mailako zenbait korronterekin sintonian. Vatikanoko II. kontzilioak irekiera ekarri zuen Eliza Katolikora: besteak beste, mezak tokian tokiko hizkuntzetan ematea baimendu zuten, eta baita seminarista gazteak apaiztegitik kanpo hirietan bizitzea ere, ikasle pisuetan. Europako gorabeheren berri ere bazuten Oñatikoek atzerriko prentsaren bidez, eta ezagutzen zituzten Frantzia edo Alemaniako ikasle eta langile mugimenduak eta askatasun sozial, politiko eta sexualen aldeko borrokak. "Teologia eta filosofia ikastera etorri ginen. Ikastera, alde batetik. Eta, bestetik, Oñatin bazelako giroa jada mundua beste era batera bizitzeko eta ezagutzeko gogoa ematen zuena".

Berehala jabetu ziren bazegoela etxetik gertu, Brigiden komentuan, euskaraz meza ematen zen eliza bat. Familia gutxi ziren euskaldunak Gasteizen, eta meza hori elkartzeko abagunea zen haientzako. Berrogeita hamar bat lagun batzen ziren. Bertan esan zieten han eta hemen euskara ikasi nahi zuen jendea zegoela eta elkarte batzuk irakasle bila ari zirela. "Momentu klabea izan zen, irekiera. Hitz egiten zuen jende gutxi zegoen, baina hitz egiteko gogo izugarria. Gasteizera iritsi eta bi hilabetera klaseak ematen ari ginen".

Euskara hitz egiten zuen jende gutxi zegoen, baina hitz egiteko gogo handia

Hainbat elkartek euskal kulturari buruzko hitzaldiak eta jarduerak antolatzen zituzten, beti ere zentsura saihestu beharrean. Besteak beste, Manuel Iradier txangolari elkartea izan zen frankismoan zehar Arabako euskaltzaleen aterpe. 1963an antolatu zuten lehen aldiz Zigoitiako Euskal Jaia, Mairuelegorretako koban. Euskal musika eta dantzek osatzen zuten egitaraua, beste hainbat gauzaren artean. Oso herrikoia eta arrakastatsua izan zen, 2.000 lagun elkartu ziren. 1967an debekatu egin zuten eta Guardia Zibila sartu zen kobazuloa hustera. Debekatua egon zen urte batzuetan. 1973an 20.000 lagun bildu ziren. Izaera aldarrikatzaile handia zuen testuinguru horretan.

Langile mugimendua eta euskara

Zer ari zen gertatzen? Aurreko hamarkadan birsortutako abertzaletasunak euskararen berreskurapena jarri zuen erdigunean. Eta 60ko hamarkadan euskal kulturaren pizkundea eman zen: kantagintza berria, eleberrigintza modernoa, euskara batuaren aldeko mugimendua… Bestetik, desarrollismoak eta langileria industrial masa handia sortzeak aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalak ekarri zituen, eta, besteak beste, langile eta frankismoaren aurkako mugimenduen garapena. Euskaltzaletasunak izaera inkonformista, aurrerakoia eta herrikoia zuen, eta mamitzen ari zen sentimendu antifrankistak bere egin zuen euskara.

Eizagirreren bizipenak ederki islatzen du garaiko giroa. Lehen ikasleek etxean jaso zuten abertzaletasuna, eta gero eta gehiago izan ziren kalean jaso zuten langile etorkinak edo haien seme-alabak. "Hasieratik, gurekin euskara ikasten zutenak beste gauza askotan ere mugitzen ziren: grebetan, kulturan… Gizartea aldatu nahi zuen jendea zen, eta euskaldun sentitzen zena, euskara jakin ez arren. Baina guretzako ere ez zen euskara bakarrik. Guk ere kontzientzia genuen arazo sozialekin eta politikoekin, zapalkuntzekin, justizia nahia. Eta Gasteizera iritsi ginenean kalean ere topatu genuen hori".

Pako Eizagirre, Iparragirreren eskulturaren ondoan. Argazkia: P. EIZAGIRRE

Gasteiz abiada bizian ari zen industrializatzen. 1950ean 52.445 biztanle zituen hiriak, eta 1975ean hiru aldiz gehiago, 173.137 biztanle. 1967an, Eizagirre eta besteak iritsi ziren urtean, auzo berri gehienak eraikitzen ari ziren. 1950eko hamarkadatik aurrera hainbat fabrika ekarri zituzten Bizkaia eta Gipuzkoatik, lurra eta lan indarra merkeagoak zirelako Araban. Horietako lantegi batzuek ehunka langile zituzten jada 60ko hamarkadan, eta milaka 70ekoan. Langileen antolakuntza eta mobilizatzeko gaitasuna gero eta handiagoak ziren, eta euskararen aldeko mugimendua ere gero eta zabalagoa.

1950ean 50.000 biztanle zituen Gasteizek, eta 1975ean hirukoitza

1970ean Juan Bautista Gamiz taldea sortu zuten, Gasteizko eta Arabako euskara irakasle taldeak koordinatzeko. Bi urte geroago talde horretako zenbait kide atxilotu zituzten Araotzen. "Barnetegiak antolatzen genituen. Orduan ez zegoen lege babesik. Euskaltzaindiak ematen zigun ahal zuen babesa, hori zen zegoen erakunde ofizial bakarra. Urte horretan Michelineko greba egin zen. Ikastaro horretan geundela, goizez ikasi, gero gitarra jo eta parranda… propaganda ibiltzen zen han eta hemen… materiala ibiltzen zen mahai gainean. Oñatiko Guardia Zibilak gure berri zuen. Azken egunean 30 guardia zibil sartu ziren han, etxea inguratu ziguten, eta hiru edo Donostiara eraman. Gasteizeko Poliziak ere gogoa zuen lehendik gure pisuan sartzeko, eta atxilotu nindutela jakin zutenean, sartu egin ziren. Azkenean, preso egon ginen pisukideok hogei bat egun, eta gure pisua prezintatuta hiru hilabetez edo. Pisutik gugatik galdezka pasa ziren lagunak ere atxilo eraman zituzten". Amnistiarekin utzi zituzten libre.

Guardia Zibila Mairuelegorretako koban, agintariek Euskal Jaia debekatu ostean. Argazkia: ARQUE

Lau urte beranduago, martxoaren 3ko greba eta sarraskiaren urtean, euskara ikasteko metodo berri bat inprimatu zuten Juan Bautista Gamiz taldekoek Eizagirrek lan egiten zuen inprimategian. "Ezagutzen genituen bi edo hiru gramatika liburu, oso tradizionalak eta klasikoak. Gramatika hutsa ziren. Orduan, ba, guretzako moduko metodo antzeko bat sortu genuen. Eta hor argi ikusten da [liburuxka seinalatzen du]. Gaiak dira lana eta kapitalismoa, lana eta etorkinak, hiria, ikastolak, euskara eta langileak… Denak dira kapitalismoaren kontra, langilearen alde eta ugazabaren kontra! [Barrez]".

Kantaldiak nonahi

Kantagintza berriaren eta ikastolen sorrera garaia ere bazen. Eizagirreren pisuan gitarra zahar batekin kantuan aritzeko ohitura zuten, Juanjo Uranga eta Xeberrirekin batera, gerora Amets taldeko kide izango zirenak. "Xeberri beste pisu batean bizi zen. Gauetan ihes egiten zuen eta guregana etortzen zen. Gitarra jo, kontuak kontatu eta koñaka ere izaten genuen. Estudiante garaiak!".

Oñatikoek musika ikasi ahal izan zuten apaiztegian. Musika klasikoa eta Iparragirreren kantak ezagutzen zituzten. 60ko hamarkadan Beatles-ak iritsi ziren, Labeguerieren diskoa, Ez Dok Amairu, eta kantugile berriak berreskuratzen ari ziren makina bat euskal kanta zahar. Testuinguru horretan, kantautoreak perretxikoak bezala sorten zirela esan da maiz, giroak bultzatuta, eta Euskal Herriaren luze zabalean aldarrikapenerako espazio bihurtu ziren kantaldiak.

Euskara ikasteko metodo berri bat sortu eta inprimatu zuten 1976an

Halako baten, Zubillaga auzoko ikastola berriaren jaian kantaldia emateko eskatu zieten Oñatiko ezagun batzuek. Kanta zaharrak jotzen zituzten, batzuetan letrak aldatuta. Umorea sarri erabiltzen zuten. "Bidean asmatzen genituen kantuak doinu ezagunen batekin, edo erdi ikasi erdi momentuan asmatu… Jende gaztearentzako erakargarria zen". Eta hortik aurrera, sei hilabetez aritu ziren herriz herri, osasun arrazoiengatik Eizagirrek utzi egin behar izan zion arte.

Abesti bakarra konposatu zuen hirukote horrek, euskaldun berriei eskainia:

Zu, euskaldun berria

euskara ikasi duzuna

zu, gure itxaropen

finka zaitez ongi

gure herri zahar honetan.

Zure indar berriak

herri zahar honi eman

arnasa berri bat eman

baina euskara ez da aski izango

ogia ere ken baitigute!

Badaude, noski, beste hamaika anekdota, gorabehera eta irakaspen, baina ezin denak kontatu lerro hauetan. Beraz, esan dezagun, historiak aurrera egin zuela: Euskal Herrian gau eskolak koordinatu zituzten AEKn, trantsizioa, euskararen aldeko ikuspegi estrategiko ezberdinak, jaialdiak… Baina oinarria jarrita zegoen, euskara iraganean iltzatu ordez etorkizuna eraikitzeko tresna izan zedin. Behinola apaizgai izandakoek beren bidea egin zuten, gehienek sotana utzita, eta askok, Eizagirrek horien artean, euskararen alde lanean jarraitzen dute gaur ere. Aurrerapauso ikaragarriak eman dira, baina bistan da, euskara eta ogia borrokatu behar dira orain ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago