Euskararen inguruan gaur egun oraindik bolo-bolo dabiltzan uste okerrak deseraikitzeko lana egin du Urtzi Reguero filologoak (Zizurkil, Gipuzkoa, 1988) Ni la mitad te creas (Athenaica) liburuan, besteak beste, euskararen jatorria edo euskalkiei buruzko faltsukeriak zuzenduta. Dibulgazio lana aurkeztu zuenetik urtebete ere ez da igaro, eta dagoeneko kalean da bosgarren edizioa.
Sevillako Unibertsitatean jaio zen liburua, ezta?
Bai, han sortu zen liburua idazteko ideia. Ikerketa egonaldi bat egiten ari nintzen unibertsitatean, euskararen inguruko mitoei buruzko hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten, eta klase hartatik sortu zen gero liburua.
Ikasle zinela faltan bota zenuen halako libururik?
Ikasle garaian, karrera garaian, eta lehentxeago ere bai. Filologian hasi nintzenean konturatu nintzen ordura arte irakurritako gauza gehienak, edo asko behintzat, oinarri zientifikorik gabeko testuak zirela. Eta liburua idazten ari nintzela konturatu nintzen nik ere gustura irakurriko nukeela halako liburu bat bere garaian.
Blanca Urgellek ere aipatzen du liburuan filologoen zereginetako bat dela euskararen mitoen inguruan erantzuten jakitea.
Bai, unibertsitate barruan mito hauek aspaldi deseraiki ziren, eta aspaldi utzi genion sinisteari. Kontua da murru bat dagoela unibertsitatea eta gizartearen artean, eta askotan ez dela ezagutza zabaltzen. Ikerketak egitea da gure lana, eta aldizkari zientifikoetan argitaratzen dira, oso liburu akademikoetan; askotan ez da erraza eskuratzea, eta liburu asko garestiak dira gainera. Dibulgazioa falta da. Nik uste eten bat egon dela ezagutza akademikoa eta gizartearen artean, eta liburu honekin zubi lan hori egiten saiatu naiz.
'Aitorren hizkuntza zaharra..." mitoa eraitsi duzu liburuan, euskara ez dela Europako hizkuntza zaharrena. Ez da erosoa hori irakurtzea askorentzat...
Ez da erosoa gure gizartean, Euskal Herrian, oso errotuta dauden ideiak direlako. Espero nuen haserreren bat edo beste, eta jaso dut irainen bat edo beste, baina guztia espero moduan, halako kasuetan ohikoa den erritmoan...
Oraindik ere lagun askoren ahotan entzun daitekeen mitoa. Politikari eta idazleak aipatu dituzu, besteak beste.
Nire helburua izan da nolabait erakustea mito batzuk oso errotuta daudela oraindik. Liburuan kontatzen ditudan batzuk beharbada ez daude horren errotuta, edo bere garaian gainditu ziren, baina aitzakia izan dira euskararen historiari buruz hitz egiteko. Baina beste ideia batzuk oso errotuta daude, eta baita printzipioz kultur maila edo formazio handiagoa duten pertsonen artean ere. Idazle eta politikariren bat aipatzen dut erakusteko nola ezagutza altuko jendearen artean oraindik oso sartuta dauden mito horiek.
"Murru bat, eten bat egon da askotan ezagutza akademikoa eta gizartearen artean"
Euskarak ahaide ezagunik ez izateak dakar mitoak errazago eraikitzea?
Bai, noski, uste dut arazo nagusia hori dela. Euskarak ez dauka ahaide ezagunik; horrek ez du esan nahi inoiz izan ez duenik, baina gaur egun ez diogu ezagutzen ahaiderik, eta horrek erraztu egin du mitoen sorrera. Hizkuntza guztietan daude mitoak, gure inguruan dauden hizkuntza handiek ere badituzte mitoak, eta euskarak ere bai. Genetikoki ahaiderik ez izateak eta genetikoki bakartuta egoteak zaildu du ezagutza eskuratzea. Hizkuntza indoeuropearrak asko dira, eta errazagoa da bere historia berreraikitzea; lekukotzak eta testu zaharrak dauzkagu, agian 3.000 urtez idatzi delako, familia horretako hizkuntza guztien artean. Euskararen kasuan, oso berandura arte ez da idatziz agertu, eta agertu dena oso modu zatituan. Horrek hizkuntzaren historiaren ezagutza zailtzen du, filologoari lana zailtzen dio, eta nolabait mitoen sorrera erraztu.
Euskara oraindik misterio bat dela esan daiteke?
Mitxelenak esaten zuen moduan, misterioa da nola iritsi den orain arte gugana, nola biziraun duen. Hori da beharbada benetako misterioa. Europak uholde linguistiko handiak bizi izan ditu. Bere garaian hizkuntza indoeuropearren uholdea. Inguruko hizkuntza txikiagoak desagertu ziren; hemen, penintsulan, iberiera desagertu zen, zeltiberikoa ere desagertu zen... Italiar penintsulan ere beste batzuk desagertu ziren, etruskoa adibidez. Baina euskara ez. Beraz, hor dago misterioa. Misterio hori argitzeko beharrezkoa da, besteak beste, historialari, arkeologo eta hizkuntzalarion lana, elkarlanean ezagutu dezakegun zerbait da, ezagutu baldin badaiteke, baina ez nuke esango arrazoia berez hizkuntzaren ezaugarriei zor zaienik, baizik eta egoera soziopolitiko kulturalak ahalbidetu duela biziraute hori.

Liburua idazten ari zinela agertu zen Irulegiko Eskua. Orduan ere, laster agertu zen hainbat titularretan "euskararen hitz zaharrenak" zirela...
Bai, deigarria egin zitzaidan hori. Prentsaurrekoan zuhurtzia eskatzen ari ziren bitartean, titularretan irakurtzen ari ginen euskarazko testu zaharrena aurkitu dugula eta kristo aurreko mendekoa dela... Dibulgazioan askotan sortzen den eten bat egon zen; alegia, entzuten dugu bakarrik komeni zaiguna. Eta oraindik jarraitzen dugu gutxi gorabehera orduan geunden modu berean.
Halako irudien beharra dugu? Heldulekuak behar ditugu?
Aurkikuntza garrantzitsua da, ezin da ukatu, agertu den lekuan agertu delako, badaukalako identifikatzen ez dugun hizkuntza bat beharbada euskararekin lotu daitekeena. Hori ez du inork ukatu maila zientifikoan. Halako testu bat agertzen da, eta bada pizgarri bat edo puzgarri bat gure nortasunerako eta Euskal Herriaren nortasunerako. Baina, klaro, oso kontuz ibili behar da halako aurkikuntzekin. Lehen aipatzen nuen eten hori gertatzen da, eta batzutan hartzen dugu soilik nahi duguna edo nortasuna eraikitzeko balio diguna. Eta oraindik ez dakigu euskararen ahaide bat den edo ez, beharbada bada, baina hori testu berriek esango lukete, agertuko balira. Gauden- gaudenean, oso zaila da esatea euskara den edo ez.
Euskalkien inguruko mitoak ere aipatu dituzu liburuan. Tarteka izaten da eztabaida sare sozialetan...
Eztabaida asko daude euskalkien inguruan, eta euskalkien sorreraren inguruan. Nik erakutsi nahi izan dut euskalkiek badutela bere lekua, eta euskara batuak ere badaukala bere lekua. Onartu behar dugu euskalkiak elkarren artean horren desberdinak baldin badira, ez dela berez; aberastasuna da, baina neurri batean batasun faltari zor zaio. Euskarak ez du sekula izan administrazio bateraturik, gaztelaniak ez bezala. Hizkuntzek berez dute mugimendurako eta aldaketarako joera, eta administrazio indartsua izateak laguntzen du mantentzen, dibergentzia hori gerta ez dadin. Euskalkiek aberastasuna erakusten dute, dibertsitatea erakusten dute hizkuntzaren baitan, baina onartu behar dugu euskara batua ere beharrezkoa dela; euskara baturik gabe ez genuke euskarazko komunikabiderik izango, Aleak ez luke funtzionatuko, Berriak ez luke funtzionatuko behar duen bezala... Eztabaida horretan, nire posizioa erakusten saiatu naiz.
"Aurkikuntzekin, kontuz; nortasuna eraikitzeko balio diguna soilik hartzen dugu askotan"
Aurten bete dira 1.000 urte Gastehiz lehenengo aldiz idatzita agertu zela. Nola hitz egingo zuten orduan?
Oraingo euskara ordukoaren jarraipen bat da. Araba euskalduna izan zen, euskalduna da gaur egun ere neurri batean, euskalduna da berreskuratu duelako, baina Arabak berezko euskalkia izan du. Gasteizen bertan Landuccio izan da lekuko ezagunena bere hiztegiarekin, baina hori baino mende batzuk lehenago agertzen da Gastehiz euskaraz idatzita. Deigarria da, horrek erakusten duelako, beste lekukotza batzuekin batera, orduan bazela hasperena Araban. Eta hor dago gaurko euskararekin daukan diferentzia nabarmenetako bat; Hegoaldeko euskalkietan ez dago hasperenik, baina Gasteizko lekukotza hauek erakusten digute Araban bazegoela, Erdi Arora arte gutxienez. Horrek erakusten digu hizkuntza aldatu dela, Arabako euskara aldatu dela, eta bazuela euskalki propio bat, gero Landuccioz gain, Lazarragak ere erabiliko zuena.
Joan Perez de Lazarraga ezaguna da euskaldunen artean, baina zenbatek entzungo zuten Estibaliz de Sasiola izena?
Beti aipatzen dugu Lazarragaren aurkikuntza, gizonezko noblearena, eta oso gutxi Estibaliz de Sasiola. Eta esango nuke Sasiolaren aurkikuntza, neurri batean, iraultzaileagoa dela Lazarragarena baino. Estibaliz de Sasiolak erakusten digu emakumeek ere idazten zutela bere garaian; bera da ezagutzen dugun lehen emakume idazlea. Lan bat egin behar da bere irudia eta bere testuak ere ezagutarazteko. Eta, zorionez, orain dela gutxi argitaratu du Amaia Alvarezek Zuzi iraxegia liburua, eta hor bere lekua ematen dio Estibaliz de Sasiolari. Beharrezkoa da, Lazarragaren ekarpena aipatzen dugunean, harena ere aipatzea.
Gure herrialdeko eskandalu handienetako bat ere aipatu duzu liburuan: Iruña-Veleiako ostraken auzia.
Bai, gogoratzen dut ikasle garaian jarraitu nuela kasua. Orduan ez zegoen sare sozial askorik, eta blogetan izaten ziren eztabaidak. Batetik, eskandalagarria izan zen halako eremu arkeologiko batean halako faltsifikazio ebidenteak agertzea. Baina, beste alde batetik, erakutsi zuen filologiak zertarako balio duen eta zer balio duen. Filologia erabiliz bakarrik gai izan zirelako adituak testuak faltsuak zirela erakusteko. Eta gero faltsututako hori konfirmatu dute beste alor batzuek; alderdi arkeologikotik, historikotik edo erlijiosotik. Gertakari horrek eman zion nolabait gurean oinarri zientifiko bat, erakutsi zuen filologia ere zientzia dela, eta balio duela faltsifikazioak ere erakusteko. Gazi-gozoa izan da. Gazia, astakeria galanta izan zelako faltsifikazio horiena, eta gozoa, aldi berean, erakutsi zuelako filologia ere zientzia badela.
Ikasturte berriarekin batera, hainbat lagun hasiko dira euskara ikasten. Eta, berriz ere, euskararen zailtasunen inguruko mitoak...
Bai. Gainera, liburuan ere aipatzen dut, ez dela mito berria hau, aspaldikoa da; XVI. mendean Pierre de Lancrek esaten zuen euskara hizkuntza zaila zela, deabruak ere ezin zuelako euskara ikasi. Hizkuntzak zailak diren ala ez, erantzuna erlatiboa da, nondik abiatzen zaren. Gaztelania ama-hizkuntza duen hiztun batentzat, ziurrenik katalana errazagoa da euskara baino, baina hori hizkuntzaren tipologiak errazten du. Fama dauka euskarak aditz taula konplikatua daukala, baina gaztelaniak aditz irregular gehiago dauzka, tildea ikasi behar da non jarri... Alde errazagoak eta zailagoak ditu.