Sitgesko Fantasiazko Zinema jaialdian Euskal Herriko lau ekoizpen lehiatuko dira, eta, horien artean, Paul Urkijo eta Patricia Lopez Arnaiz arabarrek parte hartuko dute. Gaua hirugarren film luzea estreinatuko du Urkijok zuzendari modura, eta Alberto Gastesi donostiarraren Singular filmaren protagonista izango da Lopez Arnaiz.
Urriaren 9tik 19ra ospatuko den 59. jaialdian aurkeztuko du Paul Urkijok fantasia eta errealitate historikoan murgilduko den Gaua pelikula, gaueko izaki mitologikoen unibertsora. Sorgin ehiza betean sartuko da pelikula: Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du". Oraingo honetan, besteak beste, Elena Irureta, Ane Gabarain, Yune Nogueiras eta Iñake Irastorza izango dira aktore lanetan.
Alberto Gastesi zinemagile donostiarrak, berriz, Singular bere bigarren film luzea aurkeztuko du, "adimen artifizialaren eta giza doluaren mugen inguruko zientzia-fikziozko thrilerra". Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra izango du protagonista, Javier Rey aktorearekin batera. Diana eta Martinen istorioa kontatzen du filmak: semea hil eta 12 urtera, asteburu batez elkartzea erabakiko dute, laku baten ertzean zuten etxean. Semea zenarekin antza handia duen gazte misteriotsu bat etxean agertzean, sekretu zaharrak eta susmo berriak azaleratuko dira.
Sail ofizialean lehiatuko diren Euskal Herriko beste bi pelikulak Alberto Vazquezen Decorado eta Ion de Sosaren Balearic dira.