Uztailaren amaieran lurraldean izurritea deklaratu eta gero, pinu beldarra edo prozesionariaren (Thaumetopoea pityocampa) aurkako aire bidezko tratamendua helikoptero bidez egingo du aldundiak, foru agindu batean zehaztutakoaren arabera.
Atzo Noemi Agirre Kintana Nekazaritza diputatuak sinatutako foru aginduak 56.000 euroko aurrekontua —BEZik gabe— aurreikusi du tratamendu horiek egiteko. Tratamendu hori turbinadun helikoptero baten bidez egingo dute, hegazkina erabili beharrean. 2016, 2017, 2019, 2021 eta 2022 urteetan ere helikopteroaz baliatu ziren izurritea tratatzeko. Helikopteroa aukeratu dute, abiadura txikiagoa eta mugikortasun handiagoa duelako, produktuen deriba gutxiago eraginez eta lan zehatzagoa eginez.
Izurriteak 1.900 hektarea ingururi eragiten die, bereziki lurraldearen mendebaldean. Horietatik 791 hektarea "infestazio maila altuak" dituzte, eta gainerakoak foku nagusien inguruan daude, zabaltzeko arriskuan. Tratamendurako, 700 hektarea hautatu dira, eta produktu biologiko intsektizida erabiliko da.
Kontratazioa prozedura ireki sinplifikatuaren bidez egingo dute, 60.000 eurotik beherakoa delako, eta "premiazkoa" delako, plagak osasun arrisku larriak sortzen dituelako: alergiak pertsonei —bereziki umeei—, eta heriotza animaliei —txakurrak eta abereak—. Gainera, agiriaren arabera, pinudiak ahuldu egiten ditu.
"Tratamenduaren eraginkortasuna denbora tarte murriztuan datza, udazken-negua bitartean; beraz, zerbitzua berehala kontratatu behar da plagaren hedapena saihesteko eta arrisku sanitario, ingurumen eta sozialak gutxitzeko", azaldu du aginduak.