Israelgo taldeek Euroligan jokatzearen aurka agertu da Ramiro Gonzalez

Erredakzioa 2025eko irailaren 9a

Genozidioa salatuz abiatu du ikasturte politikoa Gonzalezek. Argazkia: AFA

Nazioarteko komunitateari leporatu dio Gazako genozidioaren aurrean ezer ez egitea. Elkarretaratzea deitu dute gaur 19:30etarako, Gazarako flotillak jasandako drone erasoa salatzeko.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Palestinari eskaini dizkio ikasturte politikoko lehen hitzak. Gazako genozidioa salatuz hasi du hitzartzea, eta adierazi du ardura publikoa duten guztien erantzukizuna dela "guztion begien aurrean egiten ari diren genozidioa" gaitzesteko ahotsa hartzea. Agerraldiaren ostean Israelen Euroligako parte hartzeari buruz galdetuta, adierazi du Ukranian gertatzen ari dena ez dela Gazakoa baino larriagoa, talde errusiarrak kanporatu izanari erreferentzia eginez, eta irmotasuna eskatu die bai Euroligari eta baita Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari ere, Israel Premier Tech taldeak Espainiako Vueltan parte hartzearen aurka agertuz. Europari eta erakunde hauei leporatu die nahikoa ez egitea genozidioa gelditzeko.

Gazako genozidioaren aurkako jarrera gogortu du hala ahaldun nagusiak. Aurtengo ekainean egin zuen lehen salaketa argia, Batzar Nagusietako bilkuran genozidio gisa izendatu zuen Gazako sarraskia, Elkarrekin Araba taldearen galderei erantzunez, eta adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak ez duela inolako merkataritza harremanik Israelekin edo Israelgo kapitala duten enpresekin.

Azken hilabeteetan eman du aldaketa Gonzalezek. Izan ere, hiru hilabete lehenago, urtarriletik martxora eztabidatu zen mozio batean, EAJren aldundiko taldeak uko egin zion Gazako genozidioa salatzeari. Batzar Nagusietan Elkarrekin Arabak mozio bat aurkeztu zuen Gazako genozidioa gaitzesteko, batetik, eta Baskoniako zuzendaritzari dei egiteko Maccabi talde israeldarraren partida bertan behera utzi zezan, bestetik. EAJk eta PSEk mozio alternatibo bat proposatu zuten, eta azkenerako Elkarrekin taldeak Baskoniaren puntua kendu eta genozidioaren salaketa bakarrik proposatu bazuen ere, EAJ eta PSEren mozioa atera zen aurrera, genozidio salaketari iskin eginez. Mozio berri horretan 2024ko apirilean onartutako testua berresten zutela adierazi zuten, eta orduko hartan Hamasen erasoa eta Israelgo armadarena gaitzesten zituzten, gizakien bizitzaren balioa aldarrikatu eta nazioarteko legedia errespetatzeko eskatu.

CAF enpresa beasaindarrari buruz ere galdetu diote kazetariek agerraldian, Palestinako lurralde okupatuetako legez kanpoko koloniak konektatzeko trenak eraikitzen ari baita CAF, baina Gonzalezek ez du erantzunik eman, Arabako enpresa ez dela argudiatuta, eta esanaz ez dituela enpresaren kontuak ezagutzen. Hala ere, Israel presionatzeko beharra aldarrikatu du.

EAJren jarrera aldaketa?

EAJren jarrera gogortzen ari dela dirudi, Imanol Pradales lehendakariak ere CAF enpresari dei egin berri baitio "gogoeta etikoa" egin dezala Jerusalem eta kolonien arteko tranbian duen parte hartzeari buruz. Edozein erabaki errespetatu eta ulertuko dutela adierazi badu ere, CAFen jokabidea zalantzan jartzen duen lehen aldia izan da lehendakariarentzat. Gaur bertan hitz egin du ildo berean Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak, eta honek ere "gogoeta etikoa" eskatu dio CAFi, esanaz Eusko Jaurlaritzak lagundu behar duela Gazako sarraskia gelditzen.

Azken hilabeteetan kontratu berri garrantzitsuak lortu ditu CAF enpresak hainbat herritan, Frantzian, Brasilen eta Belgikan kasu. Belgikako kontratuak harrabotsa sortu zuen, CAFi egindako kritiken artean aipatu zelako Palestinari lapurtutako lurretan duen proiektua. Belgikako tren enpresaren administrazio kontseiluak adierazi zuen CAFi eskatuko ziola egiaztatzeko bere jardunak errespetatzen dituela nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak. Beraz, gatazka etikoaz gain gatazka ekonomikoa ere ekar diezaioke CAFi Israelekin duen harremanak. Eusko Jaurlaritza CAF enpresaren %3aren jabe da.

Gonzalezek adierazi zuen aldundiak ez duela Israelekin harremanik, baina aski ezagunak dira Eusko Jaurlaritzak dituenak, maila diplomatikoan zein merkataritza harremanei dagokienez. Besteak beste, Ertzaintzak milioika euroko kontratuak ditu Israelgo armagintza eta segurtasun sektorearekin, Palestinako "gudan frogatuak" diren armak saltzen dituztenekin. Mossad Israelgo zerbitzu sekretuekin elkarlanean ere aritu izan da Ertzaintza Gasteizen, Maccabi taldearen partidetan taldekideen segurtasuna zaintzeko.

Gazako flotillari erasoa

Munduko hainbat herrialdeetako ekintzaileak batuta, dozenaka itsasontzi abiatu dira joan den astean Gazara bidean, blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa eramateko, egoera salatzeaz gain. Tunisian egin dute azken geldialdia, eta bart drone eraso bat jasan du Global Sumud Flotillako ontzi batek. Eraso hori salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur, asteartea, Gasteizen, arratsaldeko 19:30ean Olagibel kaleko Espainiar Gobernuaren Ordezkariordetzan.

Bestalde, Israelek bere gai hartu du astearte arratsalde honetan Qatarreko hiriburuan izandako erasoa. Hamasen talde negoziatzaileko kideei eraso egin die Israelek, AEBek egindako azken bake proposamena eztabaidatzen ari ziren bitartean. Qatarreko Gobernuak salatu du nazioarteko "legediaren aurkakoa izan dela, eraso koldarra". Oraindik ez da baieztatu hildakorik egon ote den.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago