Azaroaren 23an hitzordu garrantzitsua izango dute Arabako kontzejuetan: Erregidore eta Bokalen hauteskundeak egingo dira. Foru Gobernuak dagoeneko onartu ditu boto txartelak, hautestontziak eta gainerako agiri ofizialak nolakoak izango diren, prozesua ahalik eta gardenena eta antolatuena izan dadin.
Udalek datozen egunetan bidali beharko dute erroldatutako bizilagunen zerrenda, eta bost egunez jendaurrean egongo da agiria kontzejuetan. Horrela, herritarrek euren datuak egiaztatu ahal izango dituzte, eta beharrezkoa izanez gero, erreklamazioak aurkeztu.
Behin ofizialki argitaratuta, 21 eguneko epea irekiko da hautagaiak aurkezteko. Horren ostean, Hauteskunde Batzordeak behin betiko hautagaitzak aldarrikatuko ditu, eta informazioa Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, herritar guztien eskura.