Beste 2.200 minbizi kasu 2024an

Erredakzioa 2025eko irailaren 5a

Ikerketa bultzatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute aurkezpenean. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Gaitzaren ikerketarako zein gaixotasuna dutenei laguntza ematen jarraitzeko Minbiziaren Aurkako XI. Martxa antolatu dute hilaren 28rako

Araban egunero sei pertsonari minbizia diagnostikatzen diete, batez bestean. Orotara, 2024an, 2.200 bat minbizi kasu atzeman ziren gure lurraldean, Minbiziaren Aurkako XI. Martxaren aurkezpenean gogora ekarri dutenez. 

Kolon eta ondesteko minbizia, bularrekoa, prostata eta biriketakoa dira gurean intzidentzia handiena duten minbizi motak, eta gaitza oraindik EAEn heriotza kausa nagusia da. Oro har, sendabide egokiak aurkitu ezean, bi gizonezkotik batek garatuko du gaitza, eta beste horrenbeste egingo du hiru emakumezkotik batek. 

Halere, Minbiziaren Aurkako Elkarteak nabarmendu nahi izan du ikertzaileek minbiziaren biziraupenaren % 70lortzeko erronkari eutsi nahi diotela, eta norabide horretan planteatu dute hilaren 28rako deitu duten Minbiziaren Aurkako XI. Martxa.

Martxa doakigu. Eta zuri? izan da aurtengo hitzordurako aukeratutako leloa. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da izaera lehiakorrik ez duen lasterketa, eta Plaza Berrian amaituko da. Behin martxa bera bukatuta, pintxo pote solidarioa, Zumba eskolak, haurrentzako zientzia tailerrak eta adin guztiei begirako prebentzio tailerrak egingo  dituzte Plaza Berrian.

"Lagun egiteko martxa solidarioa da, azken batean, prozesua igaro dutenen bizitza ospatzeko eta hortik pasatzen ari diren pertsonei eta haien familiei laguntzeko martxa. Gainera, gure parte hartzearen bidez, ikerketa proiektuak babesten jarraitu nahi dugu", esan du Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako presidenteak.
 
Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak ikerketa bultzatzeko beharra nabarmendu nahi izan du, hori baita "hori baita gaixotasun hori eta beste batzuk zuzenean edo zeharka pairatzen dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko gakoa". Gogora ekarri du Araban azken hamarkadan 1,6 milioi euro inbertitu direla zeregin horietan.
 
Izena online eman daiteke enmarcha.contraelcancer.es webgunean edo El Corte Ingleseko kirol dendan, datorren astelehenetik irailaren 27ra. Kamiseten prezioa hamar eurokoa izango da 15 urtetik gorakoentzat, eta sei eurokoa gainerakoentzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago