Antzinako musika arabarrei hurbilduko diete datorren astetik aurrera

Erredakzioa 2025eko irailaren 4a

Forma Antiqva taldearen kontzertua izango da ordaindu beharreko bakarra. Argazkia: Forma Antiqva

Irailaren 12tik 21era ospatuko da Arabako Antzinako Musika Astearen 43. edizioa, agertoki zahar zein berrietan. Forma Antiqva, Cantoria, Tamar Lalo & Ignacio Prego edota Jone Martinez eta Il Fervore arituko dira oholtza gainean, besteak beste.

Musika historikoa arabarrei hurbiltzeko ekimen berri bat antolatu dute, datorren ostiralean hasita. 43. aldiz ospatuko da Arabako Antzinako Musika Astea jaialdia, eta bertan hartuko dute parte Errenazimenduko eta Barrokoko musika jotzen adituak diren talde eta musikariek.

Irailaren 12tik 21era ospatuko da, eta jaialdiari hasiera emateko aire zabaleko kontzertu bat egingo da Probintzia plazan. Bertaratzen direnek dantzaldi barrokoan parte hartzeko aukera izango dute. Araba osoan izango dira ikuskizunak, elizetan jauregietan zein plazetan. "Kulturaren deszentralizazioa" sustatu nahian, eta ikusle ezberdinengana heltzeko, aurten agertoki berriak gehitu dizkiote jaialdiari, besteak beste, Okina, Andetxa eta Quintanilla de la Ribera, antzinako errepertorioa inguruko ondare eta naturarekin uztartuko dutenak.

Musikari gazteek ere izango dute lekua, Jesus Guridi kontserbatorioarekin lankidetzan aritu baitira antolatzaileak, eta hainbat jardueretan parte hartuko dute ikasleek. Gainera, nazioarteko izen nabarmenetako batzuk hurbilduko dira Arabara. Zapico anaiek osatutako Forma Antiqva, Jone Martinez eta Il Fervore, Cantoria edota Tamar Lalo eta Ignacio Pregok osatutako bikotea.

Kontzertuak, oro har, doan izango dira, nahiz eta gonbidapenak eskuratzeko izena eman beharko den. Webgune honetan ikus daiteke informazio gehiago eta izena emateko atala. Kontzertu bakarra izango da ordainpekoa, Forma Antiqva taldearena, hain zuzen. Irailaren 20an izango da, larunbatean, Santa Maria katedralean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago