Ikasturteari ekin dio Ignacio Aldekoak

Juanma Gallego 2025eko irailaren 4a

Martiodako Faunaren Suspertegiaren urteurrenaz baliatu dira ziklo berezi bat prestatzeko. Argazkia: ALEA

Donemiliagako Goldeari eta Martiodako Faunaren Suspertegiari buruzko hitzaldi zikloak eskainiko dituzte, besteak beste.

2025-2026 ikasturtean Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak izango dituen ekitaldi nagusienen berri eman du aldundiak. Ohi bezala, askotariko proposamenak bildu dituzte egitarauan: irakurketa klubak, hitzaldiak, tailerrak, haurrentzako ekintzak eta +55 Elkartegien eskaintza soziokulturala.

Irakurketa klub eta haurrentzako jarduerei dagokienez, helduentzako hamar klub egongo direla ezagutarazi dute, "euskarazko presentzia handiagoarekin". Literatura klasikoko klub berri bat egongo da, eta literatura erromantikoko klubean online parte hartzeko aukera egongo da. Saioak urrian hasiko dira, izen ematerik gabe. Haurrentzako bi klub (euskaraz, 11-13 urte; gaztelaniaz, 8-10 urte) ostiraletan izango dira, aurretiko izen-ematearekin. Irakurketa errazeko klubak ere mantenduko dira, gizarte erakundeekin lankidetzan.

Musika, poesia eta idazketa sortzailea lantzen dituzten hainbat jarduera egongo dira ere. LParen klubak rock eta soul musikaren inguruko azterketa egingo du, urritik apirilera bitartean, doako sarrerarekin. Musika zaleek hamalau disko esanguratsu ezagutuko dituzte hilean bitan, ostiraletan, egingo diren saioetan.

Poesia zaleentzat, 'Hitzordua poesiarekin' zikloak 20. urteurrena ospatuko du, ostiraletan bederatzi topaketa poetiko eskainiz urritik maiatzera. Bestalde, ostegunetan IDAZKI tailerra sormenezko idazketa eta irakurketari eskainita dago, ostegunetan, eta irailaren 8tik aurrera izena eman daiteke aurrez aurre edo kultur etxearen webgunearen bidez.

55 urtetik gorakoentzako, +55 Elkartegiak programak hamar ikastaro eskainiko ditu Gasteizen, urritik abendura bitartean. Izen-emateak irailaren 9tik aurrera zabalduko dira. Horrez gain, Arabako kuadrilla eta udalerrietan hitzaldi eta tailerrak antolatuko dira.

Bi hitzaldi ziklo berezi aurreratu dituzte. Donemiliagako goldearen milagarren urteurrena ospatzeko sei hitzaldi emango dituzte hainbat unibertsitatetako adituek. Azarorako, berriz, Martiodako Faunaren Suspertegiaren 50. urteurrena ospatuko dutenez, hitzaldi ziklo berezi bat antolatu dute. 

Bestalde, Ondarearen astearteak, Etorkizuneko erronkak eta Astelehenetako hitzaldiak zikloek gai anitzeko hitzaldi doakoak eskainiko dituzte urritik maiatzera, hainbat interesduni zuzenduta. Azkenik, 'Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria' erakusketak idazlearen mendeurrena ospatzen jarraituko du, udazkenean hitzaldi eta zineforum saioekin, bere literatur ondarea goraipatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago