Udararen bukaerarekin batera, oroimenak pilatu egiten dira, eta, gehienetan, oroitzapen horiek argazki bidez jasota geratzen dira, telefonoaren edo hodeiaren tripetan galduta gordetzen diren ehunka irudietan betiko izoztuta. Izan ere, laster irudi berriek beren espazio propioa aldarrikatuko dute biltegietan, azkar doan bizitza baten erritmo amaigabean.
Baina, nolabait, horri aurre egiten dioten bestelako proposamenak ere badira, den-dena digitala izan ez behar den mundu bat aldarrikatu nahian. Halaxe egin dute bigarren urtez Postontzi lehiaketaren bitartez. "Gure ideia izan da gazteak aro digitaletik ateratzea eta analogikora bueltatzea", azaldu du Gauekoak elkarteko arduradun Idoia Ruizek. "Hala, gazteei proposatu diegu oporretan tartetxo bat ateratzea bai postalak idatzi edo sortzeko".
"Gazteei proposatu diete oporretan postalak idatzi edo sortzea"
Bigarren urtea da Postontzi gisa egiten dutena. "Aurretik Lazarraga elkartearekin egiten genuen, baina argazki-hizki lehiaketa moduan", gogora ekarri du Ruizek. Oraingoan, ordea, Gauekoak, ALEA, GEU Elkartea eta Izaskun Arrue Kulturgunea elkarlanean aritu izan dira ekimena aurrera eramateko.
Bi kategoria
Berez, lehiaketak bi kategoria dituela azaldu du. "Horietako bat da postal bat idaztea, edo kontakizun bat idaztea eta guri bidaltzea", gogora ekarri du Ruizek. "Bestea da ALEAren webgunean irudi, marrazki edo dena delakoa igotzea, eta guk hori gero postal formatura eramango dugu".
Iazko esperientzia ondo joan bazen ere, teknikariak azaldu du ez dela erraza gazteak arlo analogikora animatzea, etengabean erabiltzen dituztelako mugikorrak eta bestelako gailu digitalak, eta horien bidez mezu instantaneo eta azkarrak bideratzen dituztelako. Horrek zaildu egiten du parte hartze masiboa gertatzea, baina, hala eta guztiz ere, ez dute adorea galtzen, inondik inora. "Aurten bigarren aldiz ahalegintzen ari gara, ea parte hartzeak gora egiten duen. Izan ere, guretzat proposamen polita da, eta horregatik beste aukera bat eman nahi izan diogu. Idatzizko atala mantsoago ibili da. Baina ALEAren webgunera irudiak igotzeko bigarren kategoria horretan jende gehiagok parte hartu du".
Parte hartzearen arabera, erakusketa efimero bat planteatzen dute amaierarako. "Gure asmoa da bidaltzen dituzten lan guztiak kalean erakutsi ahal izatea, formatu efimero batean". Jasotako lan guztiekin, kalean bideotxo bat grabatzeko asmoa dute, gero hori sare sozialetara eramanez, lehiaketaren laburpen txiki bat egin ahal izateko.
16 eta 30 urte bitarteko gasteiztarrek partu dezakete lehiaketan —Gasteizen jaio bizi, ikasi edo lan egiten dutenak, hain zuzen ere—. Irailaren 5era arte bidali daitezke lanak. Epaia 2025eko irailaren 15ean jakinaraziko dute. Oraingoan ere, sari mardulak daude aukeran: bost eguneko Interrail Global Pass bat, lau lagunentzako Grosso Napolitano pizzerian bazkari edo afari bat, eta kamera analogiko bat.