Euskalduntzea "doakoa eta irisgarria" izatea eskatu du AEK-k

Erredakzioa 2025eko irailaren 3a

Gasteizko Zadorra euskaltegian egin dute asteartean agerraldia. Argazkia: AEK

Ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina aurkeztu du euskaltegiak, ‘Euskara eroso ikasi eta bizi’ lelo

Euskara eroso ikasi eta bizi goiburu, ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina aurkeztu du AEK-k, Gasteizko Zadorra euskaltegian. Hori baita euskaltegiaren helburua, Maialen Begiristain AEKren nazio kontseiluko Arabako ordezkariak gogoratu duenez: "Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEKk, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…".

Helburu horri begira, "ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea" beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta, ildo horretan, helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa dela euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan. "Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar da". AEK-ko kideen esanetan, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar da Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat, eta oso era positiboan baloratzen dituzte doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak: EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker.

Gogoratu dutenez, milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, euskara maila hobetzera edo praktikatzera; etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, eta abarrerako. "Horren adibide dira gaur gurekin ditugun ikasleak. Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko direla AEKren euskaltegietara. Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko".

Informazio guztia www.aek.eus webgunean eta sare sozialetan egongo da gaurtik aurrera; baita AEKren euskaltegietan ere.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago