⛅ EGURALDIA

Gaurkoz, hodeiak bueltaka

Erredakzioa 2025eko irailaren 2a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Egun hodeitsua iragarri dute honetaz dakitenek, baina bihar argitsuago egongo bide da.

Irailean sartuta gaudela gogorarazteko, egun hodeitsua izango da gaurkoa, erdi eta —batez ere— goi mailako hodeiekin. Hegotik edo hego-mendebaldetik ufa egingo du haizeak, eta batez ere goizean bolada gogorrak izango ditu —guri zuzenean eragiten ez badigu ere, adierazgarria da itsasaldean abisu horia emana dutela, haizeteengatik—. Termometroei dagokienez, 9 eta 26 gradu arteko aldea izango dute Gasteizen.

Bihar argiago esnatuko da eguna, baina laino eta lanbroak izango ditugu goizean goiz. Hodei gutxi espero izatekoak dira, eta agian oskarbi ikusi ahalko da ortzia. Goi hodei batzuk baino ez dira agertuko, baina gauean beste behin hodeiek mamitzera joko dute. Haizea hego osagaian geratuko da, ahul-bizi. Eguzkiaren eragina tenperaturetan igarriko da, 12 eta 30 gradu arteko aldea egongo delako.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago