Ukrainara iritsi dira Gasteizek bidalitako bi suhiltzaile kamioiak

Erredakzioa 2025eko irailaren 1a

Kamioetako bat Kieven entregatu dute. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Acción Norte Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez eraman dituzte, herrialdearen defentsan laguntza emateko.

Abuztuaren erdian Gasteiztik ateratako bi ponpa kamioi Ukrainara iritsi dira, suhiltzaileez osatutako Acción Norte erakundeak hara eramanda. Bi kamioi horiek PSISZ Gasteizko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuarenak ziren, baina flota berritzean aukera izan dute unitate horiek dohaintzan emateko.

Errusiaren inbasioaren ondorioz martxan den gerran, herrialdearen defentsan ari direnei laguntzeko erabiliko dituzte kamioiak. Modu berean, udalak berak iragarri duenez, suteak itzaltzen eta eraikinen hondakinen azpian harrapatutako pertsonak erreskatatzen laguntzeko erabilgarri izango dira. Kamioetan material medikoa ere sartu dute.

Bidalketa solidario honek Euskadi Ukraina elkartearen eta Europarrak Ukrainarekin Fundazioaren laguntza ere izan duela erantsi dute. 

Acción Norte erakundearen arabera, inbasioa hasi zenetik 12.000 bat sute eragin dituzte Errusiar Federazioaren erasoek, eta frontetik gertuko eraikinen %80 baino gehiago suntsitu dituzte. 500 suhiltzaile kamioi inguru txikitu edo kaltetu dituzte errusiarren erasoek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago