Araba zeharkatu behar zuten goi tentsioko lineak bertan behera utzi dituzte

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 28a

Goi-tensioko linea ez dute eraikiko. Argazkia: ALEA

Aragoin egitekoak ziren lau parke eolikoren proiektuak artxibatu ditu Espainiako Gobernuak eta horrekin batera goi-tentsioko linearen proiektua.

Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak baztertu egin du Aragoitik zetorren eta Araba zeharkatu behar zuen goi tentsioko linea elektrikoa eraikitzea. Proiektuak Miranda Ebroko ebakuazio azpiegiturak planteatzen zituen, baina Berantevilla, Armiñon, Erriberabeitia eta Gasteiz udalerriei eragiten zien.

Tausten (Aragoi, Espainia) proiektatuta zegoen linea hori lau parke eolikoekin lotuta zegoen, baina lau parke eoliko horien espedienteak artxibatu dituzte eta bertan behera geratu da proiektua. Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) asteazken honetan jaso ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren ebazpenak.

Aragoiko Forestalia enpresak azkenean uko egin dio Zaragozan Povidentia parke eolikoa eraikitzeko espedientea izapidetzen jarraitzeari. Azkenik, ez du epearen barruan aurkeztu eskatzen zitzaion dokumentazioa, eta, beraz, Miranda Ebrora zihoan eta Arabako zenbait udalerri zeharkatzen zituen goi-tentsioko linearako sarbideak eta konexio baimenak ere iraungi egin dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago