Turismo eskaintza hobetzeko diru laguntzak iragarri ditu aldundiak

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 27a

Aguakeko ur jauzira doan bidexka egokituko dute. Argazkia: AFA

146.000 eurotik gorako laguntza emango die foru aldundiak turismo sektoreko elkarteei.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 146.736 euro emango dizkie aurten turismo sektoreko elkarteei, "bidaiariei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta esperientzien eskaintza modernizatzeko eta hobetzeko proiektuak finantzatzeko". Turismo ostatuen elkarteek, udalerrietako turismo elkarteek, kultura elkarteek eta turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten fundazioek jaso ahalko dute laguntza ekonomikoa.

Aldundiak bi deialdiren bidez ematen ditu laguntza ekonomiko horiek. Lehenengoak 130.772 eurokoa da, eta elkarteei eta fundazioei honako hauek finantzatzeko da: ekitaldiak antolatzea, kongresuak egitea, publizitatea kontratatzea, web orriak eguneratzea eta zenbait jarduera turistiko eskaintzea (bisita gidatuak, tailerrak, ibilbideak...).  

Laguntza lerro horren bitartez, besteak beste, Samaniego in Wine eta Villabuena Wine Fest ekitaldi enoturistikoak finantzatuko dira, Samaniegoko Turismoa Sustatzeko Elkarteak eta Eskuernagako Sustapen Elkarteak antolatuak, hurrenez hurren; eta Bilodako landa inauteriak eta Iruña Okako Arkiz Kultura Elkarteak antolatzen duen Ilargiaren Jaia. 

Finantzatuko diren beste proiektu batzuk honako hauek dira: kultura  eta arte jarduerak, eta bideomapping Ametsen Hariztian (Kexaa, Aiaraldea), Añanako Gatz Harana Fundazioaren eta Artium Fundazioaren bisita gidatuak eta ekitaldiak, eta Arabako Turismo Ostatuen Elkarteak (Arabatur) sustatzen duen Hoststik turismo ostatuen sektorearen kongresua.

Bigarren laguntza lerroak 16.000 eurokoa da, eta turismo sektoreko elkarte eta fundazioen inbertsio proiektuak finantzatzera bideratuta dago, irabazteko xederik gabeko erakunde horiek bidaiarien eskura jartzen dituzten azpiegiturak eta zerbitzuak hobetze aldera. 

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak deialdi horren bidez finantzatuko du Aguakeko ur jauzira daraman bidexkan pasabide berri bat instalatzea, Antoñanako Sustapen eta Garapenerako Elkarteak sustatzen duen proiektua, eta Arabaturrek eta Donejakue Bideen Kultura Elkarteak bizikleta elektrikoak erostea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago