Indarberrituta dator Araiako Umorezko Antzerki Jaialdia. Abuztu osoan zehar, umoreak Arabako plazak, kaleak eta hainbat eszenatoki hartuko ditu, 16 konpainia bilduko dituen egitarauari esker, 26 herritan 38 emanaldi guztira eskainiz.
Jaialdia abuztuaren 2an hasiko da eta Arabako beste 25 herritara eramango du umorea, 27 doako emanaldiekin. Abuztuaren 14tik 17ra, Araia izango da jaialdiaren erdigunea, kaleko eta barneko 11 ikuskizun uztartuko baitira.
Arrazpi Berri kiroldegia berriro ere eszenatoki bihurtuko da, lau antzezlanekin. Bitartean, herriko hainbat lekutan zazpi proposamen eskainiko dira dohainik. Aurtengo edizioaren proposamen nagusien artean dago La mujer que mató a todo, Nía Corcor konpainiaren kabaret tragikomikoa, bai eta Koilara teatro taldearen Espejismo, metamorfosis de una cucharilla komedia absurdo berezia ere.
Antolakuntzatik azaldu dutenez, egitarauak genero, formatu eta publikoen aniztasunaren aldeko apustua egiten du, barreari eta hausnarketari bide emango dieten sorkuntzak eskainiz. Aurten, gainera, proposamen parte hartzaile bat gehitu da: larunbatean, Ola Zar frontoian, Curolles konpainiak peonzen inguruko doako tailer bat eskainiko du, haur eta helduek zibaren mundua modu ludikoan ezagutzeko aukera izan dezaten.
Sarrerak eta jaialdiko bonua eskuragarri egongo dira abuztuaren 1etik aurrera webgune honetan: www.jaraialdia.com eta Entradium plataforman. Bonua abuztuaren 11ra arte bakarrik eros daiteke. Aurrez aurreko salmenta ere egongo da Arrazpi Berri kiroldegian abuztuaren 2, 3, 9 eta 10ean, 12:00etatik 14:00etara. Eguneko ikuskizunerako sarrerak leihatilan ere eskuratu ahal izango dira, emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago.
Araban zehar
Araiaz gain, Arabako 25 herrik izango dute aukera jaialdiko kale antzerki lanekin gozatzeko. Aurten, zortzi lanek osatuko dute programa ibiltari hau, guztira 27 emanaldi eskainiz. Araiako kale ikuskizunak eskainiko dituzten hiru konpainiek Arabako ibilbidean ere parte hartuko dute, eta hauei beste bost batu zaizkie: Ganso & Cía-ren Welcome and sorry, Xabi Larrea konpainiaren Baboom, Cía Trotamundosen Finito-Infinito, David Cebriánen WC eta La churry konpainiaren Wooooow!.