Kaleak "okupatzeko" saiakerak gaitzetsi ditu ahaldun nagusiak

Erredakzioa 2025eko uztailaren 29a

Ramiro Gonzalez, artxiboko argazki batean. Argazkia: AFA

Ertzainekin izandako istiluen harira, "indarkeriazko ekintzak zorrotz gaitzetsi" behar direla esan du Ramiro Gonzalezek.

"Kalea guztiona da, ez da ezker abertzalearena, ezta bere kolektibo disidenteena ere". Hitz hauekin gaitzetsi du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak joan den astean Andre Maria Zuriaren plazan GKS eta Etxebizitza Sindikatuak paratu zuten kanpalekua eta Ertzaintzarekin izandako istilua. "Erabat gaitzetsi behar dira azken egunetan ikusi ditugun ekintza horiek guztiak".

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian ertzainen kontrako erasoak izan zirela zehaztu du, eta horiek "irmo salatzeko" beharra. "Polizia erabat demokratikoa da Ertzaintza. Eta erabat zorrotzak izan behar dugu indarkeriazko ekintzak gaitzesteko eta bizikidetzaren esparrua irmo defendatzeko". Hala egiten ez denean, jokabide horiek "argi eta garbi gaitzesten" ez direnean, "batzuen indarkeriazko jarduera legitimatzen" dela azpimarratu du. "Eta modu argi eta irmoan gaitzesten ez duena bizikidetza esparrutik kanpo jartzen ari da".

Ertzaintzarekin izandako istiluez gainera, Bingen Zupiria eta Juan Mari Aburto jeltzaleen kontra agertu diren pintaketak ere salatu ditu Gonzalezek: "Demokrazia eta askatasuna defendatu egin behar dira, eta ezin ditugu jokabide horiek pasatzen utzi". Eta gaitzespena "erabatekoa" izan behar dela berretsi: "Ez dute balio inor molestatu nahi ez duten adierazpenek, ezta kalkulu politikoek ere, indarkeriazko portaerak mozteko orduan erradikalak izan behar dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago