Erresidentzietako patronalak mahaia uzteko "mehatxua" egin duela salatu du LABek

Erredakzioa 2025eko uztailaren 29a

Sindikatuen kontzentrazioa aldundiaren aurrean. Argazkia: ALEA

Bere azken proposamena onartzen ez badute, negoziazio mahaitik alde egingo duela esan du patronalak.

LAB sindikatuak ohar bidez salatu du Arabako zaharren egoitzen eta etxebizitza komunitarioen patronalak "ultimatuma" eman duela, eta negoziazio mahaitik alde egiteko erabakia hartu du, baldin eta sindikatuak ez badu onartzen bere azken proposamena.

Alta, sindikatuak argi utzi du proposamen hori ez dituela asetzen langileek azken sei urteetako borrokan planteatu dituzten eskaerak. "Mehatxu eta ultimatumen aurrean ez dugu men egiteko inolako asmorik", esan du LABek.

Erresidentzietako sektorearen lehen hitzarmen probintziala lortzeko grebak eta borrokak hasi zirenetik, patronalak "langileongan higadura eta etsipena eragitean oinarrituriko estrategia" erabili duela salatu du LABek, eta "ganorarik" gabeko proposamenak jarri dituela mahai gainean, "gure lanarekiko mespretxuzko jarrera adieraziz".

Lan gatazka honetan Arabako aldundiaren jarrera ere salatu du LABek, eta langileen egoera prekarioaren ardura zuzena dutela azpimarratu du. "Araba osoan eta Gasteizen zehazki azken denboran pizten ari diren lan gatazka ugariek erakundeen ezgaitasunean eta konplizitatean daukate iturburua", esan du sindikatuak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago