Eragiteko janzten

"Baliabideak behar dira, baina baita muskulua ere"

Erredakzioa 2025eko uztailaren 26a

Eragiteko Janzten zikloan parte hartu du Oihane Pereak. Irudia: ALEA

Euskharan kultur elkartea 1997an sortu zuten Gasteizko Aranbizkarra auzoan, bizilagun euskaldunak elkar ezagutu eta euskaraz aritzeko txoko baten beharra zegoelako.

Hiru hamarkada geroago, auzoan euskara berreskuratzeko lanak zertan diren azaldu du elkarteko kide Oihane Pereak.

Zein da Euskharanen egiteko nagusia?

Egitekoa hasieratik izan da auzoko euskaldunak saretzea, adin desberdinetakoak elkartzea, eskola edo euskaltegiko ordutegitik kanpo. Eta aisialdia, formakuntza eta kulturgintza programa zabal bat eskaintzea erreferente izan nahi zuen zentro batean, Amaia zentroan, garai hartan hutsik geratu zen haurreskolan.

Zein motatako publikoa hurbiltzen zaizue?

Egia esan, adin desberdinetako jendea daukagu. Badaude mintzapraktika landu nahi duten helduak hainbat taldetan; badaude aitona-amonak familia transmisioa indartzen edo beren bilobekin euskaraz apurtxo bat egiten saiatzen direnak; badaude larunbat goizetan haurrentzako zinema eta tailerrak, auzoko ikastetxeetatik etortzen zaizkigun umeekin; badago begirale ikastaro bat ere, gazteak formatzen, Urtxintxa eskolarekin elkarlanean; eta liburutegi euskalduna eta aparteko ekintzak ere baditugu, alboka edo txalaparta klaseak tartean; eta bertan dago Gasteizko Bertso Eskola ere, horren guztiaren osagarri eta indargarri.

Nolakoa da euskararen presentzia Aranbizkarra auzoan?

Gure gurasoak izan ziren orduko gazteak, ahalegin handia egin zutenak D ereduaren alde eta euskarazko institutu publiko bat sortzeko auzune hauetan, Zaramaga, Aranbizkarra eta Aranean. Guraso horiek orain aitona-amonak dira; asko zahartu da populazio hori, eta haien seme-alabak auzotik beste leku batzuetara joan dira bizitzera. Bizilagun berriak dauzkagu, eta horrek batez beste euskararen ezagutza nahiko apaldu du, aniztasuna handitu da, eta baita eskoletako errealitatea konplikatu ere. Hori da gure auzoaren errealitatea. Hor gaude, hori da gure joko zelaia, eta erronka berriak sortu dira.

Asko aldatu da auzoaren egoera azken urteotan?

Uste dut asko aldatu dela soziologia, eta ez euskararen mesedetan, baina agian euskararen alorrean auzotik eragiteko beharra ere handitu egin da.

Euskharanetik badaukazue harremanik beste eragileekin?

Bere momentuan, auzuneko euskaltegiekin, ikastetxeekin eta gizarte etxeekin proiektua hitzartu genuen. Baina, egia da urteen joan-etorrian muskulua galtzen joan garela, leku guztietan belaunaldi erreleboak izan dira, eta agian garai hartan egindako hitzarmenaren arrastoa zirriborro bihurtu da apur bat. Pentsatzen dugu hitzarmen hori berritzeko momentu aproposa dela hau; ez da izan urte erraza euskararentzako, eta agian momentu zailetatik gauza berriak eta indar berriak ateratzen dira, edo hori espero dugu behintzat.

"Ez garai batean bezala, baina militantziarako espazioak sortzen ikasi behar dugu"

Izaera horretako proiektuek babes nahikoa jasotzen dutela uste duzu?

Uste dut orokorrean gauza ikusgarriak bilatzen direla, eta lan isila, txikia eta auzoetan egiten dena ez dela behar beste baloratzen. Gainera, uste dut euskara beste gauza guztiengandik banatuta dagoen zerbait bezala planteatzen dela aurrekontu eta antolaketetan, eta euskarak zerikusia dauka integrazio sozialarekin, belaunaldiartekotasunarekin,  aniztasunarekin eta auzoaren egituratzearekin; hori guztia Euskara Zerbitzuaren paketea baino zabalagoa da. Beraz, iruditzen zait ezetz. Alor guztietatik egin behar dira apustuak euskararen alde, eta hor erronka bat daukate gure erakundeek. 

Nola erakarri euskalduna ez den jendea?

Uste dut interes handia dagoela. Beraiek kontuan hartuta pentsatzea falta zaigu. Amaia zentrora guraso etorkin pila bat etortzen dira, euren umeak euskararekin kili-kolo moldatzen direla edo jatorriz beste hizkuntza bat dutela, eta ikusita garrantzitsua dela etorkizunera begira beraien seme-alabentzat euskara menperatzea. Eskolakoa ez delako nahikoa, ingurune erdaldun batean bizi direlako. Guraso euskaldunen seme-alabek nahikoa lan badute, pentsa etxean euskaraz egiten ez duen eta euskal kulturarekiko loturarik ez daukan familiak; tanta txiki bat da eskolak egin dezakeena. Haiek kontziente dira horretaz, eta etortzen dira. Baina uste dut gehiago egin behar dugula; ireki eta entzun, eta bitartekoak jarri eurentzako. Kontuan hartu behar da ere agian jende horrek euskararekiko eduki dezakeela interes bat, baina askotan lan prekarioetan ari dira batzuk, eta beste batzuk euskara ikasi ahal izateko lanean. Iruditzen zait bestelako formulak bilatu beharko liratekeela haiengana gerturatzeko.

Zer falta zaizue jendearegana heltzen jarraitzeko?

Uste dut baliabideak behar direla, baina muskulua ere egin behar da. Gizartea momentu honetan nahiko fragmentatua dago, eta lortu beharko genuke euskara izatea berriz  herrigintzako ardatz, motore edo ilusio pizgarri. Beharbada oso instituzionalizatua dago, eta jendea zentzu horretan erlaxatua dago. Guk ahalegin bat egin genuen, euskaraz bizi gara gutxi gorabehera, baina gure seme-alabek euskaraz bizi nahi baldin badute, zerbait egin beharko da, eta gutxienez etapa horretan dauden pertsonek eta gazteek uste dut badaukatela militantziarako eta herrigintzarako joko zelai interesgarri bat. Hortik atera beharko da euskararentzako muskulua.

Zuei esker euskarara hurbildu den jendeak zer ikuspegi dauka?

Topagune goxo bat dute, eta bere xumetasunean aisialdiko giro bat edo lagunarte bat sortzen doaz; badira urte asko daramatzaten ikasleak mintzapraktika taldeetan eta oso gustora daude, baina iruditzen zait agian erabiltzaile horiei ere parte hartzeko beste mekanismo batzuk bilatzea dela gure erronketako bat. Esaterako, auzoan dauden gazteek parte hartzeko moduren bat izan dezaten bilatu behar da, eta erantzukizun bat ere bai; beharbada ez garai batean bezala, baina militantziarako aukerak eta espazioak sortzen ikasi behar dugu, profesionaltasuna eta borondatezkoa uztartzea ezinbestekoa izango delako. Muskulu falta horren ondorioz bi aukera daukazu: etsi egiten duzu eta txiringitoa ixten duzu, edo jende berriari aukera ematen diozu ideia berriekin sartzeko. Gu parte hartze prozesu batean sartu gara, eta helburua da ikastetxe, euskaltegi eta Amaia zentroan dauden eragile guztiekin galdeketa eta bilera batzuk egitea, eta jasotzea zer asebetetze maila daukaten, zer ilusio, nola parte hartuko luketen. Ikasturte berrirako indarberritu, eta errealitatearekin gehiago lotuta joatea espero dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago