Erdira dago uneotan Correosen plantilla

Erredakzioa 2025eko uztailaren 24a

Milaka gutun eta fardel banatu gabe daudela dio sindikatuak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

CCOO sindikatuak dio zenbait bulegotan eta banaketa zentro nagusian langileen %50 baino gehiago falta direla, enpresak oporretan dauden langileak ez dituelako ordezkatzen.  

Uztailean Correosek Araban ematen duen zerbitzua egiteko zenbait bulego eta Jundizko Tratamendu Automatizatuko Zentroan langileen %50 baino gehiago falta direla salatu du gaur CCOO sindikatuak. Horren atzean dago, sindikatuaren arabera, enpresak ez dituela oporretan dauden langileak ordezkatzen, eta, ondorioz, langileen erdiak lan karga osoa bere gain hartu behar du. "Milaka gutun, fardel edo bestelako bidalketak banatu gabe" geratzen ari direla diote. Tartean, osasun zerbitzuen hitzorduak edota administrazio tramiteak jakinarazi gabe geratzeko arriskuaz ohartarazi dute. 

Zerbitzua kaltetzeaz gain, sindikatuak dio egoerak langileen osasunari ere kalte egiten diola, pilatutako lanak egin beharreko ibilbideak luzatzen dituelako, eta "muturreko beroaren aurrean dagoen esposizio denbora luzatu" egiten delako.  Horrek eragiten du "nekezia, osasun kalteak edota potentzialki heriotza ekar ditzaketen bero kolpeak ere" nozitzeko arriskuaren gorakada. Aurreratu dute egoera salatzen jarraituko dutela, eta ez dute alde batera utzi lanuzteak egiteko aukera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago