Klaudio Landak jasoko du Festvaleko Mainat saria

Erredakzioa 2025eko uztailaren 23a

'Hamaika entzuteko' saioa aurkezten du egun Klaudio Landak. Argazkia: FESTVAL

"Sormena, gertutasuna eta talentua" batzen dituen entretenimendua egitea nabarmendu du Gasteizko telebista jaialdiak.

Klaudio Landa kazetari eta aurkezleak (Ea, 1967) jasoko du Festval jaialdiko Joan Ramon Mainat saria, entretenimenduko eta gaurkotasuneko saioetan aurkezle gisa egindako ibilbide luzeari esker. "Bere ibilbidea gidoi perfektua da, sormena, gertutasuna eta talentua batzen dituena. Etengabe bere burua berrasmatzen jakin izan du, hunkitzen eta telebista ikusten dutenengana heltzen", nabarmendu dute jaialdiko antolatzaileek. 

Landak EITBko Gaztea irratian hasi zuen bere ibilbidea, eta ia hamarkada batez aritu zen bertan lanean, telebistara jauzi egin eta ETB1 zein ETB2ko erreferente bihurtu arte. 1996an hasi zen Arralde magazina aurkezten ETB1eko Goenkale telesail arrakastatsuaren inguruan. Urte hartako udan Hau Da Marka lehiaketa aurkeztu zuen Anne Igartiburuk lagunduta, eta irailean Kale Gorrian Iñaki Beraetxe aktorearekin eta Jon Andueza kazetariarekin.

Bere ibilbide profesionalean, 2000. urtea baino lehen, ETB1eko Sorginen Laratza magazin arrakastatsuaren aurkezle nagusietako bat izan zen, Xabier Euzkitzerekin eta profesional eta kolaboratzaile talde zabal batekin batera. ETB2ko Esta Es Mi Gente talk show-tik eta ETB1eko Oh Happy Day saiotik ere igaro zen 2009an.

Urte askoan ETB2ko arratsaldeko saioaren gidaria izan da; lehenengo Ni Más Ni Menos saioan eta ondoren Sin Ir Más Lejos saioan. 2016an ¡Qué Me Estás Contando! saioaren aurkezpen lanak partekatu zituen Adela Gonzalez eta Ion Aramendirekin, eta 2019ra arte El Programa de Klaudio arratsaldeko magazina gidatu zuen. Gaurkotasuneko saioez ere arduratu da ETB1en, hala nola Debatea, Egunak Egin Du edo Eztabaidan, eta gaur egun Hamaika entzuteko saioaren ardura du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago