Araban etxebizitza erosten laguntzeko abiatutako kanpainan, aldundiak hiru abal eman ditu orain arte, eta laugarren bat onartzeke dago oraindik. Hala adierazi du Lurralde Antolamenduaren Saileko foru diputatu Laura Perez Borinagak Batzar Nagusietan EH Bilduko batzarkide June Muxikak aurkeztutako galdera bati emandako erantzunean. Erantzun berean, diputatuak ezagutarazi du banku erakundeetan beste hamar eragiketa "negoziatzen eta aztertzen" ari direla uneotan.
"Garrantzitsua da kontuan hartzea programa oraindik hasi berritan dagoela. Onetsi ondoren, beharrezkoa izan da hitzarmenak formalizatzea finantza erakundeekin, eta erakunde horiek beren kudeaketa sistemak programara egokitu behar izan dituzte", justifikatu du Perez Borinagak. Horrez gain, "abalatu beharreko finantza eragiketek eskatzen duten garapen denbora gehitu behar" zaiela erantsi du.
Mailegu horien kokapenari dagokionez, diputatuak azaldu du Gasteizko eta Aguraineko etxebizitzak direla abalatutakoak. Orotara diputazioak 100.000 euroko diru partida gorde du, hipoteka ordaindu ezean abal gisa erabiltzeko.