50 urte beteko ditu Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak aurten, eta hori ospatzeko 50 emanaldi baino gehiago antolatu dituzte, irailaren 26tik abenduaren 13ra bitartean. Euskal Herriko 17 konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira, eta haietako bederatzi euskaraz.
Nazioartetik iritsiko diren konpainia eta autoreen artean, besteak beste, aurretik jaialdian izan diren NeedCompany, Wajdi Mouawad eta Family Flöz gerturatuko dira, eta lehen aldiz bertan izango diren beste batzuk: hala nola Sergio Blanco antzerkigile uruguaitarra, Peeping Tom Belgikako konpainia eta Romina Paula Argentinako antzerkiko errebelazio berria.
Dantzarekin emango diote hasiera jaialdiari, urriaren 2an, Felix Petiten egingo den inaugurazio ikuskizunarekin. Roger Bernatek zuzendutako Pina Bauschen La consagración de la primavera taularatuko dute. Hurrengo asteetan etorriko dira, besteak beste, Ernesto Alterio, Anabel Alonso, Eneko Sagardoi, Txubio Fernandez de Jauregi, Vicky Peña, Pepe Viyuela eta Javier Gutierrez aktore dituzten obrak, Harold Pinter, Tenesse Williams eta Juan Mayorgaren testuekin, eta Mario Gasek, Sergio Peris Menchetak, David Serranok eta Cris Blancok zuzenduta, hamaika ikuskizunen artean.
'Harrimena lantzeko ariketak'
Euskarazko obren artean, Arabako ALEAn Edu Zelaietak urtebetez idatzitako testuetatik abiatutako lana oholtzaratuko dute, azaroaren 6an: Harrimena lantzeko ariketak. Josune Velez de Mendizabal, Eihara Fernandez de Larrea eta Ander Ballarin izango dira taula gainean. Artedrama, Teatro Paraiso, Gorakada eta Tartean taldeen obrak ere igaroko dira 50. edizio honetan.
Horrez gain, Antzerkia zabaltzen ataleko hamar bat jarduera izango dira, besteak beste, Atalak, Haurtxoak proiektua edo publikoarekin egindako topaketak. Baina berrikuntza bat ere izango da: Irakurtzeko antzerkia. Irakurketa klub baten antzeko formatua duen proposamena da eta Juan Ibarrondok dinamizatuko du. Tennessee Williamsen Un tranvía llamado Deseo klasikoaren testua landuko dute.
Sarreren salmenta irailaren 16an hasiko da ohiko kanaletan: leihatilan (turismo-bulegoa) 10:30etik 18:00etara, 945-161045 telefonoan eta webgunean. Hemen argibideak eta egitaraua, osorik: Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia