EH Bilduk eta Arabako foru gobernuak adostutako aurrekontu akordioari esker 3,95 milioi euro bideratuko dira aurten Gasteiztik kanpoko udalerrietan alokairurako etxebizitza publikoak erosteko eta birgaitzeko. Neurria gaur onartu du gobernu kontseiluak eta Araba (n) bizi bedi programaren barruan sartzen da. Landa eremuan despopulazioa geldiaraztea eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzea du helburu programak.
Programa Arabako tokiko erakundeei zuzenduta dago, eta diru laguntzak jaso ahal izango dituzte 20.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako Arabako toki erakundeek. Hurrengo urteetan ere programa garatzeko prebisioa dago, eta horretarako 10,5 milioi eurorainoko konpromiso kreditua adostu dute.
Hiru motako dirulaguntza
June Mujika EH Bildu Arabako batzarkideak eman ditu deialdiaren xehetasunak. Programak hiru dirulaguntza lerro izango ditu: etxebizitzak erostea alokairu sozialean zein babestuan esleitzeko; etxebizitzak zein aldi baterako bizitokiak birgaitzea alokairuko gazteen emantzipazioari laguntzeko; eta alokairu sozial zein babesturako etxebizitzak birgaitzea.
Horrekin batera, dirulaguntza handiagoa jasotzeko aukera izango dute efizientzia energetikoa kontuan hartzen duten birgaitze lanek eta baita despopulazio arrisku handieneko egoeran dauden herriek ere. Horretaz gain kontuan hartuko da alokairuaren prezioaren batez besteko igoera udalerrian, eta egingo diren etxebizitza kopurua.
Etxebizitzaren arazoa
Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, landa eremuan etxebizitza sustatzea "ezinbesteko elementua da Araba bizi eta kohesionatu bat lortzeko bidean: ingurunearen beharretara eta aukeretara egokitutako kalitatezko etxebizitza politika behar dugu, herri txikiak ohiko bizileku gisa erakargarri egingo dituena, espekulazioa saihestuko duena eta gazteak landa ingurunera erakarriko dituena. Modu horretan lortuko dugu herrietako biztanleria mantentzea eta handitzea", esan du.
Halaber azpimarratu du neurri hauekin merkatu logika gainditu nahi dela, "eta administrazio publikoek prozesu hori gidatu dezaten bultzatu nahi dugu, Arabako gizarteak une honetan duen kezka handiena konpontzeko helburuarekin".