Haur sahararrei ongietorri ofiziala egin diete

Erredakzioa 2025eko uztailaren 22a

Probintzia jauregian egin diete harrera publikoa. Argazkia: AFA

Beren etorrera bi astez atzeratu da aurten, pasaporteari lotutako "arazo burokratikoak" direla eta. 

Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetatik etorrita, aurtengo udan Araban egongo diren 21 haur sahararrei ongi etorria eman diete Probintzia jauregian aldundiko eta udaleko ordezkari politikoek. 

Hilaren 17tik gurean dira, probintziako hainbat familiarekin bizitzen. Aldundiak iragarri duenez, ohi baino bi aste beranduago iritsi dira aurten, "pasaporteen inguruko arazo burokratikoak direla eta", horren atzean dauden zioen inguruan sakondu gabe. Oporrak bakean programako haurrak eta haien harrera familiak egon dira ekitaldi ofizialean.  

Iñaki Gurtubai Gobernantzako foru diputatuarekin batera egon dira, besteak beste, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Garapen Lankidetzarako zinegotzia, Estibaliz Barrio Afaniseko presidenteordea eta Mohamed Fadel Brahim Ahamed Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaria.

Gurtubaik "esperientzia berriez betetako egonaldi on bat" opa die haurrei, eta harrera familien laguntza goraipatu du. Afanisen lana nabarmentzeaz gain, Frente Polisarioari aldundiaren "konpromisoa" adierazi dio, nazioarteko zuzenbidearen arabera "saharar herriarentzat irtenbide justu eta behin betikoa bilatzeko".

Lopez de Uraldek, bestetik, familiei esan die udan beren etxeak "babeslekuak" izango direla, "osasun publikoa, elikadura osasungarria, aisialdi uneak, esperientzia ahaztezinak eta ingurune seguruak eskura izanez". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago