Zerua tarteka hodeitsu egongo dela etorriko da aste berri honetako lehen eguna. Batez ere egunaren bigarren zatian pilatuko dira hodeitzak. Goizean goiz, gainera, lanbroa izango dugu. Haizea aldakor ibiliko da: mendebaldetik hasiko da, baina arratsalderako iparrean finkatuko da. Tenperaturek asteburuan izandakoen bidetik jarraituko dute, 11 graduan hasi eta 25 graduraino.
Bestelako itxura hartuko du astearteak: goizeko lanbro eta lainoak desagertzen direnerako zeru eguzkitsua geratuko zaigu. Gauerako, berriz, tarteka hodeiak sartuko dira, asteazkenerako espero den aldaketaren abangoardia modura edo. Norabide aldakorreko haize ahula izango dugu, baina arratsalderako indarra hartuko du. Tenperaturetan igarriko da Eguzkiaren lana: Gasteizen 12 eta 29 gradu arteko aldea izango dute.