Hogeita hamar urte baino gehiago indarrean egon diren Arabako kontzejuen inguruko foru arauak bateratzeko eta berrikusteko proposamena aurkeztu du diputazioak, Arabako Batzar Nagusietan horretarako bildutako ponentziaren ondorioetan oinarrituz. Urte eta erdiko lanaren ondoren, herrietako eguneroko problematikak jaso dira eta soluzio batzuk ere.
Diputazioak astelehenean jarri du jendaurreko informazioan kontzejuen foru arau berriaren proposamena, eta gaur hasi da herritarrek ekarpenak egiteko epea. Aldez aurreko kontsulta publikoa bukatzerakoan, Batzar Nagusietara itzuliko da foru araua, eta datorren kurtso hasieran, aukera izango dute talde politikoek ekarpenak egiteko. Izan ere, Elkarrekin-ek zein EH Bilduk hainbat ekarpen eginen dituztela aurreratu dute.
Foru arau berriak proposatzen dituen hobekuntzen artean nabarmentzen dira kontzejuetako arduradunen asistentzia, gastuak eta lan baimenak arautzea; lehendakariaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu ahal izatea eta Gobernu Ona Behatzeko Erakundea sortzea.
Auzokidea eta egoiliarra
Egoiliarren figura mantentzen da –herrian erroldatuta ez dauden baina etxebizitza bat duten pertsonak–; eta gaurko izaera berdinarekin mantentzea proposatzen da, alegia ezin izango dute hitz egin ez botorik eman kontzejuaren batzarretan, ez eta kargu batean jardun ere. Aldiz, auzotarrak dira kontzejuaren mugartean bizi eta udal erroldan hala inskribatuta dauden pertsonak. Auzotarrek dute kontzejuetan botoa emateko eta hitz egiteko eskubidea eta karguetan jarduteko ahalmena.
Araudi berrian auzokide batek lurren aprobetxamenduaren onura izateko, gutxienez bi urtez egon beharko du udal erroldan altan emanda, eta, egur zorteen aprobetxamenduaren onuradun izan ahal izateko, gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du udal erroldan.
Gastuak berdindu
Kontzejuetako kargudun guztiak ohorez eta doan ariko dira. Halere, foru arau berrian zehazten da lehendakariak, kontzejuko kideek eta fede emaileak sariak jaso ditzaketela kontzejutik edo administrazio batzarretik kanpoko bileretan izateagatik (bileran izan direla frogatuz gero). Gainera, eskubidea izanen dute karguan aritzeak eragiten dizkien gastuengatik kalte ordaina jasotzeko, eta lan baimenak izateko.
Zentsura mozioa
Foru arau berrian kontzejuko lehendakaria kargutik kendu ahal izango da zentsura mozioaren bidez. Zentsura mozioa aurkezteko, izapidetzeko eta bozkatzeko arau hauek beteko dira: Kontzeju itxietan, zentsura mozioa administrazio batzarreko gehiengo osoak proposatu behar du, gutxienez. Kontzeju irekietan, berriz, zentsura mozioa auzotarren bi herenek proposatu behar dute gutxienez.
Bi kasuetan, proposamenean ordezko hautagaia zehaztu behar da, eta zentsura mozioa gehiengo osoz onartu beharko da.
Gobernu onaren behatokia
Gobernu Ona Behatzeko Organoa sortuko da foru arau berria onartuz gero. Kontzejuen jarduera ekonomikoa bideratzea eta gainbegiratzea izango du helburu, eta hartzen dituzten erabakiak legezkoak direnez egiaztatzea, kontzeju interesdunak edo kontzejuko auzotarren heren batek eskatuz gero. Aldundiaren menpeko erakundea izango da.