Kolpistei emandako aitortzak gehienez hilabete batean kentzeko eskatu dute

Erredakzioa 2025eko uztailaren 15a

Rodriguezek babestu du "ohore guztiak ezezztatuta" iritsi behar dela Francoren heriotzaren urteurrenera. Argazkia: ELKARREKIN

Elkarrekin Podemos IUk Francisco Francori eta Emilio Molari Probintziaren Aita titulua kentzeko presazko mozioa aurkeztuko du. 

Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Mola militar kolpistari emandako ohorezko aitortzak kentzeko eskatu du Elkarrekin Podemos IUk, Batzar Nagusietan presaz eztabaidatzeko mozio bat erregistratuz. Bertan, foru gobernuari eskatu diote "30 egun baino lehen" ken diezaiela diktadore frankistari eta militar kolpistari Probintziaren Aita titulua.

Francoren heriotzaren 50. urteurrenera "ohore guztiak ezeztatuta" iritsi behar dela adierazi du David Rodriguez batzarkide taldeko bozeramaileak. Ostiralean Espainiako Bigarren Errepublikako gobernuaren aurkako Estatu kolpearen 89. urteurrena betetzear iritsi da ekimena. Ostiral honetan, hain zuzen, EH Bilduk, Podemosek, Ezker Anitza-IUk, Berdeak EQUOk eta Sumar Mugimenduak elkarretaratze bateratua deitu dute, Contra la impunidad franquista, Errepublikak eraiki lelopean.

Rodriguezen esanetan, Francori eta Molari sari horiek kentzeko konpromisoa hartzea da "Euskadiko memoria historiko eta demokratikoari egin dakiokeen oparirik onena".

Batzarkide taldeak gogora ekarri du joan den astean Batzar Nagusiek Elkarrekin Podemos IUren mozio bat onartu zutela EAJren eta PSEren babesarekin, aldundiak XX. mendearen hasieratik gaur egun arte emandako domina, golardo, sari eta ohorezko izendapenen erregistro bat sortu dadin. Azaldu dutenez, orain arte ez dago horiek guztiak jasotzen dituen erregistrorik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago