Abuztu honetan Tajikistan eta Kirgizistan arteko mugan dagoen Lenin mendiko tontorra zapaltzen duen talde gazteena izaten ahaleginduko dira Brutmountains mendizale taldeko gazteak. Diputazioak ezagutzera eman duenez, 7.134 metroko altuera duen tontorra orain arte taldeak egin duen "erronka handienetakoa" izango da.
Trebakuntza nahikoa dute gazteek, orain arte Marokoko Atlasen (2022), Irango sumendiak (2023) eta Ekuadorreko Andeetan (2024) egon baitira. Diotenez, Lenin izango da buruan duten hurrengo helmugaren aurreko erronka: Himalaiara joan nahi dute ere.
Orotara, espedizioak 21 eguneko iraupena izango duela aurreikusi dute, eta, nabarmendu dutenez, "prestakuntza fisiko, logistiko eta mental zorrotza eskatuko du". Horretarako, 20 eta 25 urte bitarteko gazteek gidari profesionalen laguntza izango dute. Aurreratu dute espedizioa bideoan grabatuko dutela, eta hainbat euskarritan zabalduko dutela ondoren.
