Errealitate birtuala, adinekoen terapietarako

Erredakzioa 2025eko uztailaren 14a

Teknologia berriak eta tradizionalagoak erabiliko dituzte egoitzetan. Argazkia: FREEPIK

Gorka Urtaran foru diputatuak aurreratu du zentroetan azken teknologietan oinarritutako jarduerak zabalduko direla

Erabiltzaileen osasun kognitiboa eta emozionala hobetzeko, teknologia berrienak aplikatuko dituzte adinekoentzako foru egoitzek eta eguneko arreta zentroek. Murgiltze errealitatea bezalako jarduerak izango dira, eta, aldi berean, proiektu pilotu bat garatuko da errealitate birtualeko betaurrekoekin. Gainera, beste jarduera tradizionalago batzuk ere izango dituzte, tartean txakurrekin lagundutako terapia.

Foru zentroetan egiten diren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak eta lantegiak egokitzen ari direla azaldu du gaur eginiko agerraldian Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuak. "Foru egoitzetan bizi diren adinekoen profila aldatuz joan da denboran zehar. Gaur egun, adinean oso aurrera dauden pertsonak dira, mendekotasun funtzional handiagoa dute, eta haietako askok narriadura kognitibo aurreratua, eta zaintza gehiago behar dituzte", azaldu du Urtaranek. Hala, jarduera horiek artatutako pertsonen profilera egokitu dira, GOFEko profesionalen taldearekin batera egindako ebaluazio eta hobekuntza prozesu baten ondoren.

Azaldu duenez, ahalik eta egoiliar gehienei mesede egiten dieten jarduerak bilatu dituzte, "hau da, pertsonei erlaxatzen, gogo aldartea hobetzen, estresa modulatzen eta ingurunean erosoago sentitzen laguntzen dietenak, eta, dementzia duten pertsonen kasuan, sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak hobetzen laguntzen dutenak, ongizate emozional handiagoa ahalbidetuz". Berrantolaketari esker, gainera, jarduerak zentro guztietan homogeneizatzea lortuko dute.

Murgiltze errealitatea

Zentro gehiagotan ezarriko den jarduera murgiltze errealitatea deritzona izango da. Teknologia horri esker, erabiltzaileak ikusten ari diren edukian murgiltzen dira erabat, aretoko hormetan eta sabaian zabaltzen diren proiekzioei esker. Proiekzio horiek soinu efektu inguratzaileekin eta beste multimedia baliabide batzuekin konbinatu ohi dira, benetako murgiltze esperientzia bat sortzeko. a

Aukera teknologiko hori GOFEren adinekoentzako egoitza eta eguneko zentro guztiek jarriko dute abian, baita Etxebidea egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arretako hainbat baliabidek ere. "Egoiliarren funtzio kognitiboen eta fisikoen estimulazioa eta ongizate emozionala hobetzen lagunduko du".

Urtaranek iragarri duen beste proiektu bat betaurreko berezi batzuekin egindako errealitate birtuala da. Erabiltzailea ingurune birtual oso batean murgiltzen da, mundu errealetik isolatuta. Jarduera hori proiektu pilotu gisa egingo da Ajuria egoitza eta eguneko zentroan. Eragina eta egokitasuna ebaluatuko dituzte, gainerako zentroetara zabaltzeko, hala erabakiz gero. 

Txakurrekin terapia
Azkenik, Urtaranek aurreratu duenez, txakurrekin lagundutako terapia jarduera abian jarriko da adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan. Terapia honen bidez, lortu nahi dena da erabiltzaileek gozatzea animaliekin ohiko interakzioak izateak sortzen dituen ondorio positiboen onurez. 

Adituen arabera, bereziki trebatutako txakurren terapiak onura ugari eskaintzen ditu alderdi fisikoan, hala nola psikomotrizitatea hobetzea, arteria presioa murriztea eta bihotz erritmoa erregulatzea. "Bakardade sentsazioa murrizten ere laguntzen du, estres maila murrizten du eta depresioari aurre egiteko erresistentzia indartzen du". 

Jarduera horiek guztiak foru zentroek gaur egun egiten dituztenekin uztartuko direla, hala nola psikoestimulazioa, musikoterapia, musika emanaldiak, irteerak, belaunaldi arteko topaketak, irakurketa eta poesia, bingoa, eta boluntarioekin egindako hainbat ekintza, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago