Larrialdietarako Arabako Funtsak 50.000 euro bideratuko ditu Gazara

Erredakzioa 2025eko uztailaren 14a

Palestinako ama bat negarrez gosez hildako bere alabagatik. Argazkia: ASHARAF AMRA- UNRWA

Israelen genozidioaren ondorioz desnutrizio larria pairatzen ari diren bi urtera arteko haurrei elikadura terapeutikoa emango die Unicefek.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak osatutako Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF)  50.000 euro bideratuko ditu Gazako Zerrendan desnutrizio larriko egoeran dauden bi urtera arteko haurrei premiazko elikagaiak emateko. Gazako palestinarrak, bereziki haurrak, gosete larria eta gaixotasunak jasaten ari dira Israel eremu horretan egiten ari den genozidioaren ondorioz.

Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak bideratuko du bi administrazioen laguntza ekonomikoa eta desnutrizio larria duten bi urtetik beherako haurrei pisua hartzen lagunduko dien elikadura terapeutikoa emango die. Haur bat desnutrizio akutu larriko egoerara iristen denean elikadura terapeutikoa behar du, eta horrek pisua hartzen lagunduko dio tratamenduarekin jarraitu ahal izateko. Jateko gogoa berriz sentitzen lagunduko dio ere desnutrizio maila horretan gorputzak elikagaiak onartzeari uzten baitio.

Hiltzeko arriskua

Gazako biztanleriaren ia %90 lekuz aldatu da, eta familien eta, bereziki, haurren zaurgarritasuna handitu egin da. Gazako Zerrendako bost haurtxotik bat garaia baino lehenago edo pisu txikiarekin jaiotzen da orain; izan ere, desnutrizioaren larriagotzeak eta osasun eta saneamendu zerbitzuen kolapsoak muturreko arriskuan jartzen dituzte jaioberriak eta amak.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da horniduren eskuragarritasuna bermatzea desnutrizio akutua duten adingabe horiei arreta emateko. Hornidurak berehala eskura izatea funtsezkoa da haien biziraupena bermatzeko, batez ere desnutrizio larria duten kasuetan; izan ere, tratamendu egokirik gabe, haur horiek bederatzi bider aukera handiagoa dute hiltzeko, nutrizio egoera normal batean baino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago