Talgo erosteko operazioa hil honetan egitea aurreikusten du Gonzalezek

Erredakzioa 2025eko uztailaren 12a

Talgo erosteko aukera zalantzan dago oraindik. Argazkia: PHOT.OK

Arabako ahaldun nagusiaren arabera Talgo erosteko negoziazioei ekin diete berriro, eta "bide onetik doaz".

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek Radio Vitoria irrati katean esan du uztailean zehar Talgo erosteko operazioa gauzatuko dutela espero duela, negoziazioak "bide onetik" doazelako. Sidenor buru duen Finkatuz izeneko euskal partzuergoak –Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Vital Kutxak ere parte hartzen dute horretan– 75 milioi euro mobilizatu ditu, tren ekoizlearen zorra berregituratzeko.

Eusko Jaurlaritzak 45 milioi euro jarri zituen hasiera batean Talgoren akzioak erosteko, Finkatuz funtsaren bidez. Sidenorrek eta BBK-k ere beste hainbeste jarri zituzten; Vital Kutxak, berriz, hogei milioi jarri zituen. Beraz, euskal partzuergoak 155 milioi euro mugitu ditu guztira. Eta orain beste 75 milioi jarri dituzte denen artean.

Jaurlaritzak, ordea, nahi du Espainiako Gobernuak ere esku hartzea operazioan, Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietate SEPIren bitartez, eta 75 milioi  jartzea espero du. SEPIk 150 milioi euroko mailegua emango zuela iragarri zuen hasieran, baina horren erdia jarriko zuela esan zuen gero, eta beste erdia Finkatuz partzuergoak jartzeko eskatu zuen.

Zorra berregituratu ahal izateko finantza erakundeek jarritako baldintza da 150 milioi euroko maileguarena, iritzi baitiote horrek bermea emango diela. Talgok 405 milioi euroko zorra du gaur egun, eta horien 318 hurrengo hiru urteetan itzuli behar ditu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago