Mildiuak eragin ekonomiko "nabarmena" izango du

Erredakzioa 2025eko uztailaren 10a

Aurtengo intzidentzia beste urteetakoa baino handiagoa izaten ari da. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak ohartarazi du aurten onddoaren intzidentzia askoz ere handiagoa izaten ari dela.

Arabako Foru Aldundiko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak ohartarazi du aurtengo kanpainan mildiu onddoak eragin ekonomiko "nabarmena" izango duela, onddoaren intzidentzia aurreko urteetan baino askoz ere handiagoa izaten ari delako. Eragina batez ere Arabako Errioxako ardoetara mugatuko da, eta ez, horrenbeste, Aiaraldeko txakolinera. 

Azaldu dutenez, apirilean eta maiatzean izandako tenperaturek eta prezipitazioek bereziki lagundu dute mahastietako gaixotasun hau hedatzen. Prezipitazio gehiago izanik, onddoak bidea izan du aiseago zabaltzeko eta laboreei erasateko.

Are, hezetasun erlatibo handiak eta behe laino iraunkorrek bigarren zabalpen bat erraztu dute. Afekzioak desberdinak dira eremuaren arabera, %10 izatetik %70-80 izatera pasatuz. Batez ere Ebro ibaiaren ertzetan eta ibarretan kalteak sortzen ari dira, altitude garaiagoetan dauden mahastietan kaltea txikiagoa izanik.

Eskualdeko nekazariek asteak daramatzate esaten aurten onddoa errotik sartu dela, eta fitosanitarioekin ohi baino tratamendu gehiago egitera behartuta daudela, kostuak handituz. Nekazaritza ekologiko izenekoan lan egiten dutenentzat, berriz, egoera are larriagoa izan daiteke, onddoaren kontrako tratamendu eraginkorrik ez daukatelako, lursail osoak galtzeko arriskuarekin. 

 
 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago