Eragiteko janzten

"Gasteizen eragiteko aukera handiak daude"

Erredakzioa 2025eko uztailaren 12a

Iñaki Irazoki, Izaskun Arrue Kulturgunean. Argazkia

Eragiteko Janzten zikloan parte hartu du Sarburu euskara elkarteko kide Iñaki Irazokik.

Zer da Sarburu?

Gasteizko Salburua auzoko euskara taldea da Sarburu. Pasa den urtean, edo hortxe-hortxe, hamar urte bete genituen. Korrika bat pasa zen gure auzotik, edo Gasteiztik hobeto esan, eta orduan Korrika batzorde bat sortu zen. Ikusi genuen jende pila bat elkartu ginela, eta ikusita auzoan dena egiteko zegoela, baten batek ideia hori izan zuen, honi jarraipena eman beharko zitzaiola. "Hemen bildu den energia eta gogo honi jarraipena eman beharko zaio". Eta orduan, batzuk jarraitzen dugu, beste batzuek utzi dute, eta jende berria sartu da. Baina hori da, Gasteizko Salburua auzoko euskara taldea.

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Gure helburua kalean euskara zabaltzea da. Auzoan 22.000 lagun bizi gara. Gasteizko errealitatea da, baina Gasteizko errealitate berezi bat, auzo gaztea, esan dezakeguna, Zabalganarekin batera. Euskara etxe batzuetan entzuten da, auzoko hiru eskola edo haur eskoletan euskaraz irakasten da, baina kalean, tabernetan, dendetan, parkeetan... hor nahi dugu guk euskara zabaltzea.

Bizilagunen artean badago elkartearekiko motibaziorik?

Bai, nik baietz esango nuke. Gurea argi dago elkarlana dela. Gaur egun sei-zazpi kide izan gaitezke Sarburun lanean ari garenak. Bakoitzak bere kontuak egiten ditu; bat da kartelak eta bideoak egiten dituena, bestea jai batzordeko bileretara joaten dena, bestea kalean gauzak antolatzen ari dena... horrela funtzionatzen dugu. Eta zazpi kideren artean zer egingo duzu horrelako auzo handi batean? Beste elkarte ugari dago auzoan, auzo elkartea, jai batzordea, eskoletako guraso elkarteak... eta horiekin elkarlanean ari gara. Esango nuke bizilagunentzat urte hauetan bai irabazi dela, badakite auzo honetan euskara talde bat dagoela, eta beste talde ugarirekin batera ekintzak antolatzen dituztela urte osoan zehar, ahalik eta giro euskaldunena izan dezagun.

"Batzuk pentsarazi nahi digute euskaraz bizi zaitezkeela nahi baduzu, eta ez, sekulako gezurra da hori"

Salburua auzo berria izateak zein berezitasun ematen dio?

Ba ez dakit nire esperientzia den, edo nik uste dut gure kideena ere badela: elkartea sortu zenean dena egiteko zegoen. Auzo elkartean hasi zirenean ere dena egiteko zegoen, eskolarik ez, orain institutu berria, hasieran gizarte etxerik ez zegoen. Orduan hor bizitza sortu behar zen, eta harremanak sortu behar ziren. Eta guk esan genuen auzo bizitza honetan euskaratik eragin nahi genuela. Euskaraz, bai, eta euskaratik. Beste talde horiekin batera euskararen alea jarriz.

Esaten da auzo berriak euskaldunagoak direla. Hala da?

Ez dakit bereziki euskaldunak diren ala ez. Baina bai, soziologikoki oso desberdinak dira Santsomendi edo Salburua. Edo Alde Zaharra, Judimendi... Gasteizen auzo ugari daude nortasuna dutenak, soziologikoki ezaugarri batzuk dituztelako. Historikoki uste dut auzo askotan egon dela euskararen aldeko mugimendua, eta guk auzo berri honetan eman nahi izan diogu indar hori. Besteetan ere noski badagoela, auzo zaharretan ere egon da, nahiz ez guztietan. Eta berrietan, Zabalgana edo Salburua... Ez dakit, gaztea esaten ari gara, baina aurreko batean batek esan zigun hogei urte dituela auzoak.

Nolakoa da harremana beste auzoetako euskara elkarteekin?

Gu saiatzen gara gure alea jartzen, esan bezala auzoko beste elkarteekin batera. Baita kale hezitzaileekin ere, kalean antolatzen ditugun gauza guzientzako oso aliatu onak garelako. Baina gero Gasteizko euskalgintza ere badago, eta parte hartzen dugu, edo saiatzen gara ahal dugun neurrian, koordinatuta gaudelako. Bere momentuan, uste dut, Zabalganean ZET, Zabalgana Euskaraz Taldea, Txagorritxun Zizta ere bazegoen, uste dut Bost Urki edo halakoren bat ere bazela Lakua inguruan ekintzaren bat antolatzen... Horiek izango lirateke auzoetako euskara taldeak, baina gero euskaltegiak hor daude, AEK, IKA eta beste euskaltegi horiek. Gure auzoan ez dago, baina gure auzoko bizilagunak euskaltegian dabiltza, edo berbalagun taldeetan eta abar. Eta gero guraso elkarteetan ere bai. Gure auzoan, esan bezala, hiru eskola behintzat baditugu, baina horiekin ere hiri mailako harreman bat badago. Beharrezkoa da.

Indartsu dago Gasteizko euskalgintza?

Oso galdera potentea. Esango nuke Gasteizen eragiteko aukera handiak daudela. Ur sakonetan sartzen bagara, hor badago sekulako kristalezko sabaia. Batzuk pentsarazi nahi digute euskaraz bizi zaitezkeela nahi baduzu, eta ez, sekulako gezurra da hori. Marko izugarria dago guk inondik inora apurtu ezin duguna auzo elkartetik. Baina Gasteiz mailan beti egon da mugimendu euskaltzalea, asko agian eskoletatik, euskaltegietatik, hezkuntza mundutik egin dena, eta auzo elkarteetatik ere bai. Orduan esango nuke guk Salburuan aukerak ikusten ditugula, soziologikoki dituen ezaugarriengatik eta ematen diren baldintzengatik, gure ingurune hurbilean eragiteko. Horrek ez du esan nahi gero goian dagoen hori gure esku dagoenik, baina guk bai gure ingurune hurbilean, auzo bizitza horretan eragin dezakegu eta hor hobetu. Ea indartsu dagoen Gasteizko euskalgintza, ba beti gehiago nahi duzu, baina giharra egon, badago.

"Poliki-poliki, frustrazioan erori gabe, elkarlanean, eta lortzen diren gauzak baloratuz, horretan gabiltza"

Nola erakarri daiteke jendea euskarara?

Galdera hori tranpatia ere bada, ez? Zergatik erakarri behar duzu jendea euskarara? Derrigortuta gaude jendea euskarara erakartzera, baina sektoreen arabera izango da. Hezkuntzan ari bazara, eta nerabeekin edo umeekin ari baldin bazara, motibaziotik erakarri beharko duzu, baina beste batzuekin beste bide batzuk izango dira. Orain oldarraldi handi bat dago, goitik, eta orduan horrek ere argi dago jendea urrundu egiten duela, edo motiboak ematen dizkiola elebakartasunean bizitzeko. Beraz, gu erakartzera derrigortuta gaude. Ba bai, lortu behar dira erakartzeko bideak, baina sektorearen arabera, adinaren arabera eta soziologikoki egon daitekeen lekuaren arabera, bide bat edo beste izango da.

Bide horretan zer falta da? Zein gabezia daude?

Lehen esandakoa, marko bat badago, eta horrek erdarara eramaten du. Ni ez naiz aditua horrelako kontuetan, baino hor aipatzen da erdalduntzen duen makina hori. Norbait banaka doa, euskaraz bizi nahi du, euskaraz bizitzeko gogoa du, baina gizarteko makineriak erdaraz bizitzera eramaten gaitu. Orduan guk egin dezakeguna da makineria horri beste kolore bat eman, guk nahi duguna, eta saiatu haizea beste horretara eramaten.

Erraza da esaten.

Erraza da esaten bai... Gu gurearekin gustura eta harro gaude. Esan nahi dut, auzoko euskara talde bat gara, hamar kide baino gehiago ez gara inoiz izan. Baina bazkidetza kanpaina martxan jarri dugu eta 40 kide bagaude, atzean 40 familia. Orduan, poliki-poliki, frustrazioan erori gabe, elkarlanean, eta lortzen diren gauzak baloratuz, horretan gabiltza. Esaten dugu, euskararen alde, gure buruaren alde, auzo bizitzaren alde ari garela lanean eta eragin nahian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago