Santos Iñurrieta (1950–2023) arabar artista garaikideak 1971n margotutako Titulurik gabe olio pinturan agertutako zuritzeak aztertu ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek Journal of Cultural Heritage aldizkarian argitaratutako ikerketa batean.
Hala, olio pinturen gainazalean agertzen diren zuritze fenomenoak aztertzean, berun xaboiak sortutako degradazio produktuak identifikatu dituzte. Gainazaletan lanbro zuri izenekoek sortzen dituzten degradazio produktuak ezaugarritzeko ikuspegi multianalitiko bat eskaini dute ikerketan, koadro horretan agertutako substantzia zuria ezaugarritzeko eta haren eraketa ulertzeko azterketa globala eginez. Besteak beste, mikroskopia digital eta optikoa, X-izpi bidezko tomografia zein fluoreszentzia edota Raman espektroskopia erabili dituzte.
Berun horren jatorria artistan erabilitako berun lehorgarri batean egon daitekeela proposatu dute Erika Tarilonte, Oskar Gonzalez-Mendia, Ilaria Costantini, Kepa Castro eta Itxaso Maguregi ikertzaileek.
"Gainazalak zuritzeko fenomenoen agerpena gai garrantzitsua da olio pinturaren kontserbazioan, eta horien identifikazioa erronka bat da, jatorria oso desberdina izan baitaiteke", azaldu dute egileek zientzia artikuluan.
Berun xaboien eraketa zein zuritze fenomenoen mekanismoak ulertzeak kontserbazio estrategia eraginkorragoak garatzea ahalbidetuko duelakoan daude ikertzaileak. Horrez gain, teknika analitiko hauen erabilerak beste degradazio fenomenoak aztertzeko bidea eman dezake daiteke, hala nola gatza edo azido organikoak. Bide horretatik, arte garaikidearen kontserbaziorako teknikak hobetu nahi dituzte.