⛅ EGURALDIA

Oskarbi, tarte gehienetan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 10a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Egun beroak izango dira gaurkoa zein biharkoa, eta ostiralean ekaitza izan ahalko dugu.

Lanbro eta lainoekin hasiko da eguna, eta gero oskarbi geratuko da ortzia. Egunaren amaierarako, ordea, bero hodeiak garatuko direlakoan da Euskalmet, baina ez dute ekaitzik iragarri. Eolo ahul ibiliko da, eta aldakor, arratsalde partean ipar-ekialdeko osagaian finkatuko bada ere. Beste behin, tenperaturek goranzko joeran jarraitzen dute: Gasteizen 13 eta 32 gradu arteko aldea izango dute, eta Oionen 36 gradura iritsiko dira.

Oso antzeko agertokia errepikatuko da biharkoan: hasieran lanbroa, eta, ondoren, hodei gutxiko zerua. Arratsaldean berriro bero hodeiak garatu daitezke, eta, oraingoan bai, badirudi ekaitz modura askatu daitekeela eguneko galdarak igotako hezetasuna. Eolo ere berdin ariko da, ahul eta aldakor, arratsaldean ipar-ekialdean finkatuz. 16 eta 33 gradu arteko aldea espero dute hiriburuan.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago