Hilda aurkitu dute Gorbeian desagertutako pertsona

Erredakzioa 2025eko uztailaren 9a

Bilaketa dispositibo zabal bat abiatu dute gizona aurkitzeko. Argazkia: IREKIA

Haren gorpua asteazken arratsaldean aurkitu dute, aldapa batetik amilduta. Astearte gauetik desagertuta zegoen. 

Astearte gauean Gorbeia mendian desagertu zen 86 urteko gizon bat aurkitzeko bilaketa dispositiboak amaiera latza izan du, asteazken arratsaldearen amaieran bilatzaileek lagun horren gorpua aurkitu dutelako, aldapa batetik amilduta.

Desagertuaren seme batek astearte gauean eman zuen abisua atzo, aita goizean mendira joan zela jakinarazita, baina ez zela Gasteizko etxera itzuli. Horren ondoren, Ertzaintzaren Herritarren Babeserako eta Larrialdietako Zerbitzuek bilaketa hasi dute, eta bazterrak miatzen ibili dira desagertutako pertsona aurkitzea xede. Gizonaren ibilgailua Zigoitiko Muruako harrobien aparkalekuan aurkitu dute.

Bilaketa lanetan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikariek hainbat baliabide mobilizatu dituzte: Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko taldeak, Ertzaintzaren helikopteroa eta droneak, Txakurren Unitatea eta Euskadiko Salbamendu Txakurren Taldea. Halaber, Arabako Miñoien Atalak eta Gurutze Gorriko kideek ere parte hartu dute operazioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago