HIGA

55 hizkuntzak Gasteiz hartuko dute

Erredakzioa 2025eko uztailaren 12a

75 gaztek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Uztailaren 14tik 18ra Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren bosgarren edizioa egingo dute Gasteizen.

HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren aurtengo edizioan 55 hizkuntza ordezkatuta egongo dira, mundu osoko 75 parte hartzaileren bitartez. Aurrenekoz, kontinente guztietako gazteek parte hartuko dute, "inoiz baino herri eta estatu gehiagotik".

Datorren astelehenean ekingo diote aurtengo edizioari, eta bost egunez jardungo dute horretan, hilaren 18ra arte. EHUko Udako Ikastaroen baitan antolatu dute hitzordua, udalaren babesarekin. Antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, 2011n sortu zenetik ekimenaren helburua izan da "gazte hiztunak ahalduntzea, beren hizkuntzen eta kulturen transmisio, defentsa eta biziberritzean". 

Parte hartzaileek "profil aktibista zein akademikoak" dituztela azaldu dute, beren komunitateetan hizkuntza aniztasunaren aldeko "konpromiso argia" erakutsiz.

Aurreratu dute edizio honek "berrikuntza pedagogiko esanguratsuak" ekarriko dituela. Besteak beste, "artearen eta hizkuntza aktibismoaren arteko harremanean" sakonduko dute. Aurreko edizioetan bezala, proiektu kolektiboak martxan jarri ahal izateko espazioak sortuko dituzte. Bestetik, aurrenekoz, parte hartzaile guztiak EHUko udako ikastaro batean ofizialki matrikulatuko dira, eta prestakuntza egiaztatzen
duen ziurtagiri akademikoa jasoko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago