Aldundiak Donemiliagako Goldearen milurtekoa ospatuko du egitarau zabal batekin

Erredakzioa 2025eko uztailaren 8a

Dozenaka herri arabar biltzen ditu dokumentuak. Geziaren ondoan, 'Gastehiz'. Argazkia: ALEA

Kultur programa anitza antolatu du aldundiko Kultura sailak, eta 2025eko bigarren seihilekoan garatuko da. Mila urte dira Arabako herri ugariren izenak lehen aldiz agertu zirela idatzita.

Arabako Foru Aldundiak jarduera programa bat aurkeztu du gaur, Donemiliagako Goldea dokumentuaren milurtekoa ospatzeko, 2025eko irailetik aurrera. "Lehen mailako lekukotza historikoa da lurraldeko Erdi Aroko populazioari buruz", adierazi dute aldunditik.

Donemiliagako Goldea (De Ferro de Alava jatorrizko latinez) Donemiliaga Kukulako monasterioko kontularitza orriak dira. 1025. urte inguruan idatzitako lau orrialdetan banatuta, Arabako dozenaka herriren toponimia ikus daiteke, liburu honetan zenbatzen zirelako herri edo lurralde bakoitzak monasterioari ordaindutako zergak.

Harrigarria da zenbat izen mantendu diren mendeetan zehar ia batere aldatu gabe. Garaiko grafia eta ahoskerarekin idatziak egonagatik ere, ezagutu daitezke dozenaka herriren izenak, besteak beste, Azazaheta, Harrahia, Argumaniz, Burgellu, Opaucu, Hagurahin, Urbina, Lucu, Langrares, Zavalla, Abendangu, Armentei edo Gastehiz bera.

Egitarau oparoa

Hiru ekimen handi ditu Foru Aldundiak aurkeztu duen programak, "nagusiki dibulgaziokoak" izango direnak. "De ferro de Alava" erakusketa ibiltaria izango da herrialdetik bueltaka, eskatzen duten Arabako herrietan. Aire zabalean instalatzeko diseinatutako erakusketak ia 20 eskaera jaso ditu jada, eta astebete emango du herri bakoitzean.

Bestalde, Bibat museoan "Erdi Aroko herrixkak Euskal Herrian" izeneko erakusketa izango da ikusgai urritik aurrera, herrixkak eta garaiko bizimodua azalduz. Arabako Artxiboan ere izango da erakusketa urrian zehar, zehazki Donemiliagako Goldeari buruzkoa. Donemiliaga Kukulako monasterioak maileguan utzitako Codice Galicanoa izango da, Donemiliagako Goldea barne hartzen duen liburua.

Amaitzeko, hitzaldi zikloa ere aurkeztu dute, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Ignacio Aldekoa kultur etxean izango dira hiltzaldiak, ostegunero, irailaren 25etik urriaren 30era arte. Dokumentua bera eta haren testuingurua landuko dituzte bertan, historia, hizkuntza eta arkeologiatik. Urriaren 23an eta 30ean, euskaraz. Hau da hitzaldien egitaraua:

Irailak 25 David Peterson (Burgosko Unibertsitatea):
La Reja de San Millán. Contexto histórico y diplomático, y la problemática de la autenticidad
Iruñeko Erresumaren esparruan, Goldearen benetakotasunari eta dokumentu funtzioari buruzko hurbilketa kritikoa.

Urriak 2 Ernesto Pastor (EHU):
Gentes, paisaje y aldeas en la Álava del siglo XI
Garai hartako Arabako inguruneko landa populatzeari, lurralde antolamenduari eta bizimoduei buruzko azterketa.

Urriak 9 Fermin Miranda (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa):
Álava y la Reja de San Millán en la política de Sancho el Mayor
Arabako lurraldearen ikuspegi politiko eta estrategikoa Iruñeko Antso III.aren erregealdian.

Urriak 16 Agustin Azkarate (EHU):
Observaciones, desde la Arqueología, a la época de la Reja de San Millán en territorio alavés
XI. mendeko bizimoduei, egitura sozialari eta paisaia materialari buruzko irakurketa arkeologikoa.

Urriak 23 Julen Manterola (EHU):
Arabako Erdi Aroko euskara Donemiliagako Goldearen arabera
Dokumentuan dauden euskarazko izenen eta terminoen azterketa filologikoa. Hitzaldia euskaraz izango da.

Urriak 30 Patxi Salaberri (Nafarroako Unibertsitate Publikoa):
Rejako izenek euskal toponimiaren azterketan duten garrantziaz
Goldeko toponimoei eta euskal toponimia ezagutzeko egiten duen ekarpenari buruzko gogoeta linguistikoa. Hitzaldia euskaraz izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago