Iraganean emandako sari faxistak kentzeko lanak hasi ditu aldundiak

Erredakzioa 2025eko uztailaren 8a

Frankismoaren biktimei Gasteizen jarritako monolitoa. Argazkia: AFA

Ikerketa historikoa abiatuko du zehazteko Foru Aldundiak emandako zein ohore instituzionalek ez duten Memoria Historikoaren legea betetzen. Frankismoarekin lotutako izendapen, domina eta tituluak kenduko ditu.

Arabako Foru Aldundiak izapideak hasi ditu frankismoa goresten zuten pertsona eta erakundeei emandako ohore instituzionalak kentzeko, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko legeak agintzen duen bezala. Oraingoz ikerketa historiko bat eskatu du aldundiak legez kanpoko izendapenak identifikatzeko.

Legeak ez ditu onartzen "1936ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren oroitzapen, gorespen indibidual edo kolektiboen aipamenak, haien buruzagienak, eta erregimen frankistari lagundu zioten diktadura erregimenaren eta unitate zibil edo militarren oinarri izan ziren erakundeenak". Legeria errepublikanoa eta hura defendatu zutenak mespretxatu izana ere kontuan hartze du legeak. Franco bera eta Mola jenerala daude omenduen artean, "Probintziaren aita" izendatu zituzten biak bere garaian.

Gaur goizean onartu dute mozioa Batzar Nagusietan, aldundiari eskatuz erregistro bat sortu dezala, jasotzeko erakundeak gutxienez XX. mendearen hasieratik gaur arte emandako domina, sari eta ohorezko izendapenak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago