Mirotzen habiak babesteko urteko kanpaina aktibatu dute

Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 10:33

Mirotz urdinaren habia zerealen artean. Argazkia: AFA

Zereal soroetako uzta lanak hasten direnean arriskua dago mirotz urdinaren eta zuriaren habiak makinek hondatzeko.

Aldundiaren Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren sailak aurten ere abian jarri du mirotz urdinaren eta zuriaren jarraipena eta kontserbazioa egiteko urteko programa. Espezie horren garapena bermatzeko, nekazariei adierazten ari zaie, zereal soroetan mirotz habiak aurkituz gero, horren berri eman dezatela 689 23 12 11 telefonora deituta.

Natura Ondarearen Zerbitzuak bi espezie horien jarraipena egiteko ezarri duen programaren helburua da habiak hauteman eta haien jarraipena egitea, batez ere Arabako Lautadako, Mendialdeko eta Añanako Kuadrillako zereal eremuetan. Habiak aurkitu ondoren, lurzatiaren titularrarekin harremanetan jarri eta laguntzeko eskatuko zaio, eta, beharrezko iritziz gero, hesi bat jarriko zaio edo, bestela, nekazariak segatu gabeko azalera bat errespetatuko du, txitak hegan egiteko adinera iritsi arte, baina egokiena izango da uzta atzeratzea lurzati osoan. 

Konpentsazio ekonomikoa

Kanpaina amaitutakoan, foru erakundeak ebaluazio bat egingo du eta konpentsazio ekonomiko bat ezarriko du lankidetza horrengatik edo lortu gabeko irabazi horrengatik. Hautemandako habia bakoitzeko 50 € ordainduko ditu. Gainera, 350 € ordainduko dira uzta atzeratzeagatik eta 550 € finka guztiaren hektarea bat uztarik gabe gordetzeagatik, hori guztia, txitak itzuli bitartean. Iaz, 2.600 euro baino gehiago zuzendu ziren neurri horretara. 

Bi espezie horiek lurrean egiten dituzte habiak, eta zerealaren bilketa mekanizatuaren aldiarekin bat egiten denez, urteko errunaldiak eta kumeak arriskuan jartzen dira. Segan egitean habiak aurkitzen badira –txitak edo arrautzak manipulatzea saihestu behar da–, azalera behar bezain handia utzi behar da segatu gabe, eta aurkikuntzaren berri eman.  "Funtsezkoa da nekazarien kolektiboak espezie hori kontserbatzeko ezinbesteko laguntzaile gisa egiten duen lana, eta eskertzen dugu sektorearen inplikazio gero eta handiagoa", azaldu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.

Iaz mirotz urdinaren 26 habia eta mirotz zuriaren 5 hauteman ziren eta haien jarraipena egin zen, eta mirotz urdinaren 37 txita eta zuriaren 5 babestu eta salbatu ahal izan ziren.

Arriskuan dauden espezieak

Mirotz urdina (Circus pygargus) eta mirotz zuria (Circus cyaneus) arriskuan dauden espezieak dira, eta espezie mehatxatuen estatuko eta foru aldundiko katalogoetan daude; lehenengoa, kaltebera kategorian, eta bigarrena, interes bereziko kategorian.

Bi espezieek lurrean egiten dituzte habiak, batez ere zereal laboreen (garagarra, oloa eta garia) soroetan, eta labore horiei eragiten dieten karraskariez eta ornogabe handiez elikatzen dira. Horregatik, izurriteen kontrol biologikoko lan handia egiten dute, eta espezie batzuk arrastoan sartuta izaten dituzte, gainpopulaziorik egon ez dadin. Hortaz, euren harri koxkorra jartzen dute ekosistemen funtzionamendua hobetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago