Urtaranek ukatu egin du indarkeria matxistaren biktimen zerbitzuan murrizketak daudenik

Erredakzioa 2025eko uztailaren 2a

Diputatu jeltzaleak azaldu du legegintzaldia hasi zenetik plaza kopurua handitu egin dela. Argazkia: AFA

Urtaranek adierazi du legegintzaldi hasieratik hona handitu egin direla indarkeria matxistaren biktimentzako harrera etxeetako plazak, eta aurrekontua handitu. Aldundiaren kanpoaldean elkartu dira protestan langileak.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuak azalpenak eman ditu indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako zerbitzuen inguruan, gaur Foru Aldundian egindako osoko bilkuran. Azken asteetan "murrizketa basatiak" salatu dituzte langileek egonaldi ertaineko harrera zerbitzuan, zazpi langile kaleratuko direla ohartarazi dute eta plaza kopuruan egindako murrizketa mantenduko duela aldundiak. Horren aurrean, EH Bilduren galdera bati erantzunez, Gorka Urtaranek ukatu egin du murrizketak egin direnik.

Bere erantzuna argudiatzeko, azaldu du zerbitzuak indartzen ari direla, eta azken bi urteetan handitu egin dela indarkeria matxistaren borrokara bideratutako foru aurrekontua, %71 gehiago, 2025ean 4,6 milioi eurokoa izatera heldu dena. Arreta indartzen jarraituko dutela iragarri du, berehalako zein egonaldi ertaineko harrera zentroak berrantolatuz, eta "baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatu" nahian, eraginkortasun bila eta arreta "handiagoa eta hobea" emate aldera.

EH Bilduren kritiken aurrean "diagnostikoan akats larria" egin izana leporatu dio June Mujika EH Bilduko batzarkideari, CARME bakarrik hartu duelako kontuan (egonaldi ertaineko harrera zentroa) eta ez zerbitzu osoa. Izan ere, egonaldi ertaineko bi zentro daude egun Araban, eta biak batu egingo dituzte eraikin bakarrean, "eraginkorragoak" izateko. Aldaketarekin libre gelditutako pisuetako bat CAI bilakatuko dute, lehen harrerako zentro berria jarrita. Berrantolaketa horrekin zazpi langile gutxiago egongo dira CARME zerbitzuan, baina CAI zerbitzuan hartuko dira langile horiek, Urtaranek azaldu duenez.

Diputatu jeltzaleak azaldu du legegintzaldia hasi zenetik plaza kopurua handitu egin dela bi zerbitzu hauetan, bai CAI zentroetan, zortzi plaza izatetik hamabira igarota, eta bai CARME zentroetan, lautik seira igarota. Gainera, CARMEaren berrantolaketarekin ordu asko irabaziko dituztela iragarri du, 1000 ordu gehiago gizarte hezitzaileentzat, eta 1500 gehiago gizarte integratzaileentzat. CARME berrian ordu gutxiago beharko omen dituzte langileek zerbitzua kudeatzeko, eta CAI berria hornitzera bideratu asmo ditu Urtaranek.

Gezur salaketak alde bietara

EH Bilduko Mujika batzarkideak tranpetan aritzea leporatu dio Urtarani, bi zerbitzuak nahasten egotea, eta gogorarazi du CARMEko murrizketak direla salatzen ari direnak. CARME zerbitzu berriarentzako aldundiak plazaratutako baldintzetan aurreikusi da zazpi langile gutxiago izatea, eta langileek salatu dute bi egoitzak bakarrean bilduta ere ezin dela kalitatezko zerbitzua eskaini zazpi langile gutxiago izanda.

Mujikak ontzat hartu du zentro bakarrean biltzea bi CARME egoitzak, eta langileen eskaera historikoa dela adierazi du, baina plazak murriztuko dituztela berretsi du. Legegintzaldia hasi zenean lau plaza zeuden egoitza bakarrean, eta hiru plaza gehiago jarri zituen aldundiak bigarren egoitza gehituta, zazpi guztira. Baina bigarren egoitza hark ez zuen gutxieneko araudia betetzen eta ez zuen oinarrizko azpiegiturarik hiru familia unitate hartzeko. Horregatik, eta langileen salaketen ondorioz, plaza bat kendu zitzaion bigarren egoitzari, behin-behineko neurri bezala. 

Orain, baina, egoitza berrian sei plaza iragarri dituzte, zazpigarren plaza hori behin betiko galduta. "Hori murrizketa bat da", leporatu dio EH Bilduko batzarkideak, Urtaranen ezezkoaren aurrean. Langileek gogorarazi dute plaza kopurua handitzea eskatzen duela errealitateak, eta sei plaza "guztiz eskasak direla egungo eskaria eta okupazioa" kontuan hartuta.

Lizitazioa etenda oraingoz

Langileen batzordeak errekurtsoa jarri zion CARME berriarentzako aldundiak aurkeztutako lizitazio kontratuari. Kontratuen Inguruko Foru Administrazioaren Organoak lizitazioa etetea ebatzi du astelehen honetan, behin-behinean, ESK sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa ebatzi arte. EH Bilduren ustez langileei arrazoia eman die kontratazioen organoak, aldundiaren baldintzek ez zutelako bermatzen langileen enplegua eta baldintzak mantentzea. Sindikatuek eskatu dute zerbitzua behar bezala eman ahal izatea bermatzeko beharrezko aldaketak egin ditzala aldundiak, eta bermatu dezala zentroko langile guztien enplegua. Borondate politikoa dela esan dute, aurrekontu arazorik ez dagoelako. Berez, CARME zentro berrira bideratuko den dirua baino %30 gehiago dago onartua 2025eko aldundiko aurrekontuetan.

CARMEko langileek elkarretaratzea egin dute aldundiaren kanpoaldean, barruan Urtaran azalpenak ematen ari zen bitartean. Hogei eragile inguru batu dira deialdira, eta dozenaka lagun elkartu dira protestan. Urtaranek esan du gezurra dela mobilizazioetan aldarrikatzen ari direna, eta langileen kezka ez dela zerbitzuaren kalitatea murriztea, baizik eta jakitea ea haien lanpostua bermatua egongo den. "Arazoa da beldurra dagoela ea subrogazioa egongo den, haien kezka ez dira murrizketak, baizik eta ea nik lanean jarraituko dudan edo ez"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago