Martxoak 3aren urteurrenerako omenaldi handi bat prestatzen ari dira

Erredakzioa 2025ko uzt. 2a, 17:54

Omenaldia datorren urteko otsailean edo martxoan egin nahi dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

2026ko otsailean edo martxoan egingo den omenaldiaz gain, zine ziklo bat eta literatura lehiaketa egin asmo ditu udalak.

Gasteizeko Udalak Martxoak 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean ekitaldi handi bat egingo du datorren urteko otsailean edo martxoan. Ekitaldi horretan biktimen senideei omenaldia egingo diete, eta hiritar guztiei irekita egongo dela aurreratu dute, ekimena egiteko atera berri duen lizitazio publikoan.

Gertakarien 50 urteurrena gogoratzeko gutxienez beste bi jarduera aurreikusi ditu udalak. Batetik, zinema ziklo bat egingo dute, "lan esparruan giza eskubideen defentsa eta urraketaren inguruan eztabaidatu, sentsibilizatu eta hausnartzeko". Bestetik, Martxoak 3aren inguruko literatura lehiaketa antolatuko dute, euskarazko eta gaztelerazko kategoriekin.

Horiek urteurrena mamituko dituen ekimen nagusiak izanik ere, kontratua egingo duten enpresari eskatu diote beste hainbat jarduera osagarri proposatzeko. Horiek prestatu eta gauzatzeko gehienezko aurrekontua 62.000 euro ingurukoa izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago