Sidenor enpresak utzi egingo dio Israelera altzairua saltzeari, enpresak berak ohar batean jakinarazi duenez. BDZ mugimenduak eta sindikatuek salaketa publikoa egin zuten, Israelgo armagintza industria hornitzen laguntzen zuelako Sidenorrek.
IMI Systems enpresari saldu izan dizkio altzairu pieza luzeak Sidenorrek, besteak beste, Israelgo armadarentzako gailuak fabrikatzen dituen enpresari. Espainiako Gobernuak joan den apirilean hartutako erabakian oinarritu da Sidenor, Israeli saltzeari uko egin baitzion orduan. Jakinarazi dutenez, 2024an Sidenorren salmenten %0,5 baino gutxiago izan zen Israelekin lotua, 938 milioi eurotik 4,69 inguru.
Euskal Herrian lantegi ugari ditu Sidenorrek, Bizkaian du egoitza soziala, baina Katalunian, Kantabrian, Frantzian, Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan ere baditu ordezkaritzak. BDZ mugimenduak egin zuen salaketa, ESK, ELA eta LAB sindikatuekin batera, asteazkena arte eman zioten enpresari harremanak eteteko, bestela mobilizazioak abiatuko zituztela iragarrita.